Felix Goia omendu zuten goiatarrek, 1936an frankistek fusilatua

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 25a, 02:00

Joan den igandean Nafarroako Eulate herrian (Urbasa inguruan) bildu ziren goiatarrak, 1936an frankistek hildako Felix Goia omentzeko. Goiatar mordoxka izan ziren bertan, eta tartean, Hernanin jaioak eta ezagunak diren Luken, Pelli, Ixiar eta Aitor Goia; baita Hernaniko beste Goiatar mordoxka. Felixen oroimenez eta Martina Ruiz de Galarreta emaztearen oroimenez harri bat jarri zuten, Eulaten.


Gorputzik ez da azaldu

Felix Oiartzunen jaioa zen eta gerra piztu zenean familia hartuta Eulatetik Oiartzun aldera zetorrela atxilotu zuten faxistek. Senideek ez zuten gehiago ikusi. Oiartzunen fusilatu omen zuten Felix, 1936ko azaroan; haren gorputzik ez da agertu. Denbora batean, Martina Ruiz de Gala­rre­ta emaztea eta sei seme-alabak Hernanin eduki zituen babestuta Joxe Goia eta Malen Zubiriren familiak, Pipiritta baserian. Sei ume haietatik hiru, Mauro, Pedro eta Migel, Hernanin eta Urnietan bizi izan ziren. Hunkigarria izan zen Eula­te­ko omenaldia. Felix Goiaren kastakoak diren Goiatar gazteek txistuz, txalapartaz eta dantzaz egin zioten agurra, eta Andoni Lekuona oiartzuarrak kantatu zituen bertsoak. Oroitarria Peio Iraizoz harginak zizelkatua da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!