75 urte, Hernanin 200 lagun fusilatu zituztela

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 25a, 02:00
1936ko urrian fusilatu zituzten gehienak, tartean 13 hernaniar. Gipuzkoan 1.100 fusilatu zituzten.

Hernaniarren memorian dago 1936ko gerra zibila. Gerra haren pasarterik beltzenetakoa Hernanik bizitu zuen; 1936ko urrian, Herna­nin 200 lagun inguru fusilatu zituzten frankistek; hilerriko paretan as­ko, eta Galarretan beste asko (hernaniarrak, 13). Ondarre­ta­ko kar­tze­la­tik atera, eta hil zi­tuzten ge­hie­nak, eta ondoren Her­na­niko hilerrian lurperatu, ka­rroan ekarrita. Haien oroimenez jarritako plaka batek horrela dio: Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, Euzko Gogoan toki berezia daukazue.


Hainbat urte eta gero, familiartekoen bila

75 urte pasa dira ordutik, eta herritarren memorian leku berezia dauka garai gogor hark, eta ondorengoek. Asko dira euren familiartekoen arrastorik ez dutenak oraindik, eta ikertzeko eskatzen ari direnak: non desagertu eta nora eraman zituzten. Herna­nin fusilatutako 200 pertsona haiek ez dira agertu. Hernaniko Udalaren eskariz, Aranzadik hilerriko hobia zabaldu zuen, 2003an, baina kripta hutsik aurkitu zuten, beste hainbat lekutan bezala. Ez dago garbi non dauden gorputzak, baina aditu ba­tzuk eta testiguek diotenez, 1960an atera, eta beste no­rabait eramanak dira, arrastoak ezkutatu asmoz-edo.

5.500 fusilatu inguru, Hego Euskal Herrian

Datuak jakiten ez da erraza, baina Eusko Jaurlaritzak orain gutxi ateratako datuek diotenez, 5.500 lagun inguru fusilatu zituzten 1936an, Hego Euskal Herrian; horietatik 1.100, Gipuzkoan. Nafa­rroan, 3.000 ziren fusilatuak. Gipuz­koan, 21 hilobi aurkitu dituzte. Informazio gehiago: www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-contmh2/eu.

Aitzol, Hernaniko hilerrian hil zuten, urriaren 17an

Jose Ariztimuño, Aitzol, apaiz euskaltzalea, tolosarra, 1936ko urrian, 17an, fusilatu zuten frankistek, Hernanin, beste askorekin batera. Galerna barkuan ihesean zihoazela harrapatu zituzten (barkua 250.000 pezetaren truke saldu zuten, per­tsona eta guzti). Haietako asko Hernaniko hilerriko paretan fusilatu zituzten; tartean, Aitzol. Orduz geroztik, Aitzol bihurtu da Hernanin fusilatutakoen sinbolo. 

Fusilatutako 13 hernaniar (*)

  • Jose Adarraga - Apaiza
  • Julian Alzelai - 23 urte
  • Jose Amilibia Saldias - 29 urte
  • Candido Aranburu Txintxurreta - Komunista - Rosa de Luxenburgo batailoiko burua
  • Angel Arbiza - 37 urte
  • Felisa Goñi Biurrun
  • Fernando Isutia Maiz - Regimiento de la Victoria 28 zk gudaria
  • Angel Jimenez - UGT
  • Jose Manrique - 38 urte
  • Alejandro Mendikute - Apaiza
  • Angel Tormes Asin - EAJ
  • Policarpo Usarraga - 49 urte
  • Pascual Zabala
(*) Jakin ahal izan direnak.  
Gehiago izan daitezke.

Albiste gehiago:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!