Hernaniko taldeak integratzea eta eskualdeko jendea erakartzea, datorren urteko erronka

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 24a, 02:00

hitzaldiak, antzerkia, musika emanaldiak, erosketak... hori eta askoz gehiago izan da Kultura Arteko azoka. Hiru egunetan, kultura ezberdinak gertutik bizi­tzeko aukera izan dute Tilosetara gerturatu direnek, eta horien artean bereziki euskalduna eta nafarra ezagutzekoa.
Antolatzaileak gustura dira bigarren urte honetan azokak izan duen harrerarekin, eguraldia eta guzti izan baitute lagun, hala azaldu dio Kronikari Beñi Agirrek: «ez dugu kexatzeko aitzakiarik. Iazkoa esperimentua izan zen, eta aurten  oso gustura gaude erantzunarekin. Formatua oso irekia da, eta asko espreski etorri dira azoka ikustera, beste batzuk berriz, pasadizoan geratu dira begirada bat botatzera. Hitzaldi eta ekitaldietan ere antzekoa gertatuta da. Egita­rauan ikusi, eta bereziki etorri direnak izan dira; beste batzuk berriz, bertatik pasa eta geratzea erabaki dutenak izan dira. Bordaxarren kon­tzertuak esaterako, arrakasta haundia izan zuen atzo. Horrez gain, herriko taldeek partehartze berezia  izan dute aurtengo azokan, eta hori oso aberasgarria izan da guztiontzat».

Postuetako saltzaileak gustura, herritarrek emandako laguntzarekin
Postuetako saltzaileei da­goe­kienean, ohikoa den moduan, gehiago saltzea espero zutela azaldu dute batzuk, baina orokorrean, harrituta eta pozik daudela diote gehienek, Agirrek azaldutakoaren arabera: «saltzaileek diote Hernanin jendeak kriterio batekin erosten duela, behar duena alegia. Hala ere, hernaniarren jarrerarekin ha­rrituta daudela diote, oso atseginak izan direla adierazi dute eta edozer gauzetan laguntzeko prest egon direla hiru egunetan».

Hiru helburu, datorren edizioari begira
Bi urteetako arrakastaren os­tean, datorren urtean ere izango da Kultura Arteko azo­ka Hernanin. Beñi Agi­rrek dioenez, hiru dira ordurako dituzten erronkak: Hernaniko taldeak azokan integratu eta presentzia ge­hiago izatea, eskualdeko jendea erakartzea, eta  azokak fetxa jakin bat izatea, behintzat garai jakin batean egitea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!