Tilosetan aspaldiko jendetzarik haundiena espero da gaur, pelota partiduei begira. Tilos 7 Pasa txapelketako bi finalak gaur jokatuko dira (18:00etatik aurrera), hilabete eta erdiko txapelketa eta gero, eta afizioa zain dago, bi txapeldunak zein diren jakiteko.
Nesketan, Ane Mujika eta Leire Gabirondo saiatuko dira Idoia Tejedor eta Iratxe Tejedorri irabazten, azken horiek baitira aurtengo Emakumea Pelotari Txapelketako irabazleak.
Mutiletan, Iñaki Kerejeta eta Iñaki Gurrutxaga ariko dira, Oskar Lazkano eta Aiheko Zubimendiren kontra. Ez dira nolanahiko lau pelotari, denek baitute, aurten, txapelen bat irabazia: Kerejetak eta Gurrutxagak, Hernaniko Txapelketa; Zubimendik Aranokoa; eta Lazkanok Oiartzungoa. Denek bizi mugitzen dute pelota, eta klabea aurreko koadroetan egon liteke.
Arrakasta, hasieratik
Ia 35 bikotek parte hartu dute Tilos 7 Pasa txapelketan; hori bada nahiko arrakasta, txapelketa berri batentzat. Afizioa ere erruz bildu da egunero, pelota partiduak ikustera. Ea gaur ere, merezi adinako espektakulua eskaintzen duten pelotariek.