Zer gertatzen ari da herri arabiarretan?

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 20a, 02:00

herri arabiarrak notizi dira azken hilabeteetan. Sekulako iraultzak bizitzen ari dira, al­da­keta haundiak. Ez da erraza hemendik, ordea, han zer gertatzen den jakitea eta zergatik. Irakeko kazetari batek hitz egingo du gaur Biterin, 19:30­etan, horri guztiari buruz. Yaroub Akram Ali irakiarra da. Gaur egun No­rue­gan bizi da eta kazetari lanak egiten ditu. Irakeko okupazioari buruz idazten du batik bat, baina baita mundu arabiarreko kasuei buruz ere. Estatu Batuetako gobernua kritika­tzen du, eta baita mendebaldeko gobernuak ere, mundu arabiarrean egin dutenagatik. Komu­nikabi­de­en gezurrak, Irakeko okupazioa, Pa­les­tinako egoera... eta batik bat, herri arabiarretako egoe­ra; horri buruz ariko da gaur, Biteri kultur etxean.


GKE-ONG batekin lanean, eta El Mundo egunkarian

Irak okupatu zutenean, Akarm Ali GKE-ONG batean lanean ari zen Iraken, Palestinako errefuxiatuei giza-laguntza ematen. GKE hori Espai­nia­koa da: MPDL. Horrez gain, kazetari lanak ere egiten zi­tuen, El Mundo egunkarirako. Inongo arrazoirik gabe atxilotu zutela dio; batez ere, errefuxiatu palestinarrekin lanean ari zelako, eta hori, susmagarri izateko arrazoi nahikoa izaki.


Atxilotutako egunak

Yaroub Akram Ali atxilotu egin zuten 2005ean, soldadu estatubatuarrek. Akram Alik ida­tzi egin zuen, atxilotutako egunen kronika. Hemen zati bat: «...ez zegoen ordu jakin bat, atxilotuak interrogatzeko. Batzuetan egunez, bes­teetan gauez. Inte­rro­gatorio-gela ez zegoen gure zeldatik urruti. Poliziak atea irekitzen zuenean, denok ixiltzen ginen, elkarri begira, ea zeinen txanda ote zen. Izena esan eta pertsona hori eramaten zutenean, mutu. Mi­nu­tu batzuk barru entzuten ziren garrasiak, minak eragindako orruak. Ordubetera ekartzen zuten gizarajoa, txikituta. Lo egiteko hauspez egin behar izaten zuten, minez, ezin baitzuten buruz gora etzan. Etengabea zen rituala, batzuetan egunez, besteetan gauez...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!