eEguraldian askorik antzeman ez bada ere, udazkena iritsi zenetik ia hilabete pasa da, eta sasoi honetan egin ohi duten moduan, aurten ere Udazken Kulturala antolatu dute Ereñotzun. Gustu eta interes guztietarako moduko ekitaldiak antolatu dituzte, auzotar guztiek izan dezaten disfrutatzeko aukera: lehiaketak, pelikula eta diapostiba emanaldiak, auzo egun haundia, hitzaldiak... Hilabete inguruko iraupena izango du, gaur hasi eta azaroaren 18a bitartekoa, eta tartean hamaika egunetan izango da zer egin eta zertaz gozatu.
Auzo festa eta bertso afaria,
bi ekitaldi nagusiak
Udazken Kulturaleko bi ekitaldi nagusiak auzo festa eta bertso afaria izango dira aurten. Auzo festa igandean izango da, Txilibita plazan. 17:00etan hasita aukera izango da sagardoa dastatu, gaztain erreak jan, azokan konpra egin eta patata tortilla dastatzeko. Giroa jartzen gainera, Arrabots taldea ariko da.
Bertso afaria azaroaren 5ean egingo dute, Ur mian. Kantuan, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Txartelak aldez aurretik erreserbatu edo erosi behar dira, bi modutara: Ur-Mia elkartetik pasa, edo 625 70 36 56ra deitu.
Bi hitzaldi eta hiru
diapositiba emanaldi
Antolatutako ekitaldien artean, hitzaldi eta diapositiba emanaldiek pisu berezia dute aurten, guztira bost izango baitira.
Antolatutako hitzaldiak bi dira, eta aurrenekoa gaur arratsaldean bertan emango dute Antton Aizkorreta eta Inma Lopetegik. Landa eremuetako Gizarte Zerbitzuei buruzko azalpenak emango dizkiete bi hizlariek gerturatzen diren guztiei, Kultur etxean, 18:00etan. Bigarren hitzaldia azaroaren 8an izango da, Jasone Mitxeltorenak eskainia. Azken aldian geroz eta indar haundiagoa hartzen ari den auzolanari buruz ariko da, Auzolana: Iraganaren ondarea, orainaren babesa, etorkizunaren giltza izenburupean; 19:00etan Kultur etxean.
Diapositibei dagokienean, hiru eskainiko dituzte aurten, eta guztiak ereñotzuarrek bidai ezberdinetan egindako argazkiak izango dira. Hiruak 19:30etan izango dira, Kultur etxean.
Aurreneko emanaldia Mikel Otegik eta Mikel Kastrok eskainiko dute, eta bertan Islandian ikusitakoa erakutsiko dute argazki bidez: datorren astean izango da, urriaren 26an. Bigarrena Etiopiari buruzkoa izango da, eta bertan izandako bizipenak irudi bidez kontatuko ditu Andoni Oiartzabalek; azaroaren 10ean izango da. Azkenik, azaroaren 15ean Laida Marcok erakutsiko ditu Karibeko Guadalupe eta Dominikan ateratako argazki ederrak.
Pelikulak, ezti dastaketa...
Aipatutako ekitaldiez gain, pelikula emanaldiak ere ez dira faltako. Bi jarriko dituzte: Txokolate pixka bat etzi eta 80 egunean azaroaren 18an. Horrez gain, azaroaren 2an Julian Urkiolarekin ezti dastaketa gidatua egiteko aukera izango da. Azkenik, partxis lehiaketa etzi eta Ametsen Fabrika ipuin antzeztua azaroaren 6an dira hilabetea osatuko duten gainerako ekitaldiak.
EGITARAUA
URRIAK 19, GAUR
18:00 Gizarte Zerbitzua landa eremuan. Antton Aizkorreta eta Inma Lopetegi. Kultur etxean
URRIAK 21, OSTIRALA
17:00 Partxis lehiaketa Kultur-etxean
22:30 `Txokolate pixka bat´ pelikularen emanaldia Kultur etxean
URRIAK 23, IGANDEA
17:00 Auzo festa Txilibita
plazan:
- Bertako sagardoa dastatu eta gaztain erreak jateko aukera.
-Azoka
- Lehiaketa: Patata tortilla
onenarentzat saria
-Arrabots taldearekin erromeria
URRIAK 26, ASTEAZKENA
19:30 Islandiako diapositiba emanaldia. Mikel Otegi eta Mikel Castroren eskutik. Kultur-etxean
AZAROAK 2, ASTEAZKENA
19:00 Ezti dastaketa gidatua. Julian Urkiolaren azalpenarekin. Kultur etxean
AZAROAK 5, LARUNBATA
20:30 Bertso afaria: B.Gaztelumendi eta J.Soto
Ur-Mian. 25 euro. Txartelak salgai Ur-Mia elkartean
AZAROAK 6, IGANDEA
11:30 `Ametsen fabrika´ ipuin antzeztua. Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Eskolaren eskutik. Kultur etxean
AZAROAK 8, ASTEARTEA
19:00 `Auzolanaren kultura: Iraganaren ondarea, orainaren lanabesa, etorkizunaren giltza´. Jasone Mitxeltorena idazlearen eskutik. Kultur etxean
AZAROAK 10, OSTEGUNA
19:30 Etiopiako diapositiba emanaldia. Andoni Oiartzabalen eskutik. Kultur etxean
AZAROAK 15, ASTEARTEA
19:30 Caribe ezezaguna: Guadalupe eta Dominica. Laida Marcoren eskutik, Kultur-etxean.
AZAROAK 18, OSTIRALA
22:30 `80 egunean´ pelikularen emanaldia Kultur etxean.