Koxka elkarteak jakinarazi duenez, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Koxka asteazkenean bilduko dira, 17:00etan, Biterin, desgaitasunaz (diskapazitateaz) hitz egiteko. Koxkaren zuzendaritzak uste du bilera hori aukera ona dela, «izan ere, bilera horretan gure premi nagusiak azaldu ahalko dizkiogu Udalaren arduradun nagusiari». «Nahiz eta Udalak aurrera pausoak eman dituen, gure ustez ez da nahikoa izan azken urteotan jarri duen arreta, desgaitasuna duten pertsonak gehiago integratu daitezen: hala nola, traba arkitektonikoak kentzea, eta beste», gaineratu du. Hori horrela, guztiz garrantzitsua jotzen du asanbladara joatea ahalik eta pertsona gehien: «hartara zerrendatu ahal izango ditugu denon artean, Hernanik zer-nolako benetako beharrak dituen, desgaitasunaren aldetik».
Saiatu, eskaerak defendatzen
Euren eguneroko errealitatearen argazkia egin ondoren, Koxkako kideak saiatuko dira defendatzen euren legezko eta beharrezko eskaerak, Udalaren aurrean. «Badakigu mugatuak direla Udalaren baliabide ekonomikoak, eta badakigu ezinezkoa dela hilabete batzuetan lortzea, urtetan bazterrean utzitakoa, baina gure planteamenduak ahal ditugu eta behar ditugu aurkeztu», diote.
Interesa duten herritarrei asteazkenean azaltzeko dei egiten diete: «Uste osoa daukagu partehartzerik haundiena dela bide egokiena, Hernani denontzako bizitoki integratzailea eta erosoa izateko».