Txalo zaparradarekin bukatu zuen Luis Intxaspe Hernaniko Alkateak hitzaldia. Hernaniko Atez Ateko bilketari buruz hitz egin zuen Intxauspek Italian, Capannori hirian, hainbat aditu bildu zituen Kongresuan. Munduko beste hainbat herritako sistemei buruz ere aritu ziren, eta Hernaniko datuek atentzioa deitu zien, urteetan horretan lanean aritu direnei.
Lau egunetan egin zen Kongresua, munduko Zero Zabor edo Zero Waste mugimenduari buruzkoa. Hau da, zer egin litekeen ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egiteko.
Luis Intxauspek eta
Ainhoa Iraolak (Diputazioko Ingurumen Zuzendaria) azaldu zuten Hernani eta Gipuzkoako kasua. Horrez gain, bertan ezagutu ahal izan ziren, besteak beste, San Franciscoko (California) datuak, edo Italian Atez Atekoa egiten duten 53 herritako datuak.
Zintzilikarioetatik hasi, eta konpostaraino
Luis Intxauspek Kronikari adierazi dionez, Hernaniko irudiek eta datuek harridura sortu zuten jendearen artean. «Zintzilikarioak jartzearen ideia adibidez, asko gustatu zitzaien; baina batez ere, datuekin geratu ziren harrituta. Urtebetean %80 birziklatzera pasa gara; etxean konposta egiten dutenak asko dira, munduko beste herriekin konparatuta; eta konpostaren kalitatea ere oso ona da: %99 inguru. Horrez gain, errefusa kopurua ikaragarri gutxitu dugu. Beste herri batzuetan aspaldi ari dira pausuak ematen, baina gutxik dituzte hain emaitza onak. Hernanin 15 hilabetetan lortu duguna izugarria da, eta hori lortu dugu hernaniarrok egunez egun egiten dugun lanari esker».
Intxauspek emozioz bizitu omen zuen Kongresuan Hernaniri egin zioten harrera, eta herritarrei zabaldu behar zaiela uste du. «Munduko adituek txalo egin zioten Hernaniko Atez Ateko sistemari, eta hori hernaniarrek jakin egin behar dute».
Garbigunea buruan
Hondakinen kudeaketan, Intxauspek dioenez, Hernaniren hurrengo erronkak hauek dira: Garbigunea martxan jartzea (bukatzear da); aztertzea, industrialdean Atez Ateko bilketa nola egin; eta egungo sistema hobetzea. «Horrez gain, aztertu beharra daukagu Mankomunitatearekin dugun harremana eta Kontsortzioarekin duguna».
Paul Connett (California) Zero Zabor mugimenduaren aita:
«Hernanikoa, nere ustez,
ponentzia
interesgarriena»
Paul Connett adituak hala adierazi zuen Italiako kongresuaren bukaeran, Hernaniko Atez Atekoari buruzko ponentzia izan zela beretzat asteburuko interesgarriena; batez ere, Hernanik lortu dituen datuak lortu dituelako, eta urte eta erdian.
Paul Connett californiarra da Zero Zabor mugimendua sortu zuena, eta Italiako kongresua berak antolatu du, beste askoren artean. Kongresuari hasiera eta bukaera berak eman zizkion.