Ane Galardi eta Arantxa Aira, Gipuzkoako kantari onenak izateko bidean

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 14a, 02:00

Galardik lehenengo kanporaketan hartuko du parte. Bihar izango da Lezon, 18:00etan. Berak sortutako bi abesti aurkeztuko ditu. Airak urriaren 23an abestuko du, Bergaran.

Iaz, Gipuzkoako Euskal Kan­­tu Txapelketako irabazlea hernaniar bat izan zen: Iosune Marin. Eta aurtengo edizioan ere, Gipuzkoako ahotsik preziatuena hernaniar batena izateko aukerak badira. Izan ere, bertan izango dira Ane Ga­lardi eta Arantxa Aira. Bi kanporaketa izango dira eta Galardik lehenengoan har­­tuko du parte. Hori bihar izango da Lezoko Gezala audi­to­riu­nean, 18:00etan. Ai­rak, urriaren 23an abes­­tuko du Bergarako Za­ba­lotegi aretoan, 18:00etan. Fi­na­la azaroaren 27an izango da, Donostiako An­tzoki Zaha­rrean, 18:00etan.

‘Noizbait’ eta ‘Askatasunez’ Galardiren bi abestiak
Ane Galardik 16 urte ditu, Hernaniko Musika eskolako ikaslea da txikitatik eta gitarrako irakasleak bultzatuta ani­ma­tu da txapelketara. Pixka bat urduri dagoela dio, «baina ez gehiegi». Izan ere, 3 aldiz parte hartu izan du 16 urtetik beherako kantu jaialdietan. Lehenengo bietan taldean ari­tu da eta iaz, bakarrik abestu zuen, gitarra lagun. Bihar, be­rak sortutako (hitzak eta mu­sika) bi abesti aurkeztuko ditu: Noizbait eta Askatasunez. Pop estilokoak dira biak.

Aira, bigarren urtez
Arantxa Airak badu esperientzia Gipuzkoako Kantu Txapelketan. Iaz ere parte hartu zuen eta esperientzia po­­lita izan zela-eta, aurten ere animatzea erabaki du. Kupela taldearen Txakolina kanta abestuko du. Airak ere 16 urte ditu eta Musika Es­kolan ibili zen bi urtez, orain dela urte dexente. Egun, bere kasa abestu eta entsaiatzen du. Iazko esperientzia baliagarria izango zaion galdetuta, agian lasaiago egoteko ba­lioko diola azaldu du, baina gainerakoan, egunean bertan ikusiko dela. «Gainerako par­­taideak ez ditut ezagu­tzen», dio. Alde horretatik, Galar­dik nabarmendu duenez, «aurten maila altua dagoela esan didate».

26 partaidetatik, 12 finalera
Denera, 26 partaide izango dira (bakarlari, bikote eta taldeak dira) eta denen artean 34 abesti aurkeztuko dituzte. Horietatik 13, sortutako lan berriak izango dira. Bi kanporaketak kontuan hartuta, puntuazio altuena lortzen duten 12 partaide pasatuko dira finalera (15 ere izan daitezke).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!