Langile eta langabetuei zuzenduta, 11 ikastaro antolatu ditu IES Hernani BHIk aurten, eta izen ematea zabalik dago. Ikastaroak, mekanika eta elektrizitate-elektronikakoak dira. Aurreko urteetan emandako ikastaroen antzekoak dira, baina aurtengoak, Katalogo Berrira egokitu dira. Hau da, Lanbide Kualifikazioko Katalogo Modular berrikoak dira, eta agiri ofiziala dute Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita estatu mailan ere, beti ere Europako Lanbide Heziketako Kalitate Ziurtagiriko Marko Orokorraren barruan. Hala azaldu diote Kronikari Kontxi Urnieta eta Iñaki Izquierdo ikastaroen arduradunek.
Ikastaroak Hernani Institutuak antolatzen ditu, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jartzen ditu giza baliabideak, hau da, bertako irakasleek ematen dituzte ikastaroak.
Horrez gain, ikastaroak %100 subentzionatuta daude, Lanbide eta Hobetuz-ek ordaintzen dituzte ikastaroak, eta ez da asistentziaren arabera. Hori bai, edozein agiri lortzeko, asistentziaren %75 bete behar da.
Ikasketarik gabe
Ikastaroetan izena eman dezake 16 urtetik gora duen edozein pertsonak, ez dago ikasketa zehatzik edo graduatua izan beharrik. Dena dela, ikastaroak 3 mailatan banatzen direla azaldu dute Urnietak eta Izquierdok eta zenbait kasutan nolabaiteko sekuentzia bat badagoela: «Kualifikazioko Katalogo Modular berriko ikastaroak hiru sailetan antolatuta daude: 1. mailakoak PCPI-ko (Lanbide Hastapeneko) parekoak dira, 2. mailakoak, Erdi mailako Zikloko parekoak eta 3. mailakoak Goi Mailako Ziklokoekin parekatzen dira. Ikastaro hauetan parte hartzeko printzipioz ez dago inongo mugarik. Hala ere, zenbait kasutan ulertu behar da sekuentzia bat badagoela, hau da: CNC-ko ikastaro bat egiteko aurrena Makinaria konbentzionalarena egin behar da, edo Instalazio domotikoak egiteko aurrena Etxebizitzaren instalazioak ikastaroa egin behar da. Era berean, 3. mailako ikastaroak egiteko oinarrizko ezagupenak eduki behar dira». Horrez gain, azaldu dute, Agiri Ofizialak lortzeko minimo batzuk eduki behar direla.
Kurtso horietakoren bat egiteak ez du graduatua ateratzen laguntzen edo ez du konbalidatzen, baina ikastaroen arduradunek azpimarratu dute, aukera paregabea eskaintzen dutela langileen etengabeko prestakuntzan eta enplegu bila dabiltzan langileentzat.
Informazio gehiagorako edo izena emateko: 943 55 19 58 eta fnr@hernanibhi.com.
Lanbideko zerbitzuak
Lan bila edo langile bila dabiltzanei zuzenduta, Lanbidek honako zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu. Lan bila dabiltzanentzat (klabea izanez gero): eskaera berritu, harremanetan jartzeko datuak aldatu, eskaera berreskuratu eta eskaintzetan apuntatu. Eguneko eskaintzak eta prentsa ikusteko aukera ere bada. Klabea Hernaniko Lanbideko Zentruan eskatu daiteke (943 33 68 02). Enpresentzat, berriz: lan-eskaintzei alta ematea, lan-eskaintzak kudeatu, hautagaiak prest dauden egiaztatu, eta hautagaiak aukeratzeko espazioa.
Izena emateko edo informazio gehiagorako, Lasarte-Orian dagoen Lanbideko bulegoa (943 36 60 32/943 36 82 78).
IKASTAROAK
- Makinak prestatzea txirbil-harroketazko mekanizazio lanetan.
Tornua eta fresatzeko makina konbentzionala (80 ORDU) - CNC programak egitea piezak egiteko.
Tornua eta Mekanizazio zentrua Fagor 8050 (80 ORDU) - Fabrikazio mekanikoko prozesu osagarriak.
Automatismo elektro neumatiko hidraulikoa (70 ORDU) - Dokumentazio teknikoa egitea CAD-CAM erabilita.
Solid Works I eta II mailak (90 ORDU) - Fabrikazio mekanikoko produktuentzako irudi grafikoak.
Planoen krokisak egitea eta interpretatzea (40 ORDU)
- Eraikinetan instalazio elektrikoak muntatzea (60 ORDU)
- Etxebizitzetako eraikinetan tentsio bajuko instalazio elektrikoak muntatzea eta mantentzea (80 ORDU)
- Automatismo elektrikoak muntatzea eta konpontzea.
Automatismo konbentzionalak (60 ORDU) - Instalazio automatizatuak muntatzea.
Siemens automatak (90 ORDU) - Eguzki instalazio fotoboltaikoen zuinketa (replanteo) eta funtzionamendua (60 ORDU)
- Eraikinetako instalazio domotikoak muntatzea.
Sistema zentralizatua (40 ORDU)