EAEn desagertzear dagoen zuhaitz baten haziak bildu
dituzue Hernanin. Zein zuhaitz da, non dago zehazki, eta zein baldintzetan?
Bere izen zientifikoa Prunus lusitanica da. Dena den, euskeraz Portugalgo erramu bezala ezagutzen da. Jatorri paleotropikaleko zuhaitza da. Hau da, Tertziario garaian, duela 30 milioi urte gure inguruan oso arrunta zena. Ordutik hona, klima aldatzen joan da eta beraz, bizitzeko behar dituen baldintzak desagertzen joan dira zuhaitzarekin batera. Hala ere, oraindik badira behar dituen baldintzak betetzen dituzten txokoak. Zuhaitz honek, hezetasun haundia eta tenperatura konstanteak behar ditu bizitzeko eta hauek Hernanin erreka zulo nahiko itxietan aurkitzen ditu, esaterako Oindiko magalean eta Usoko errekan.
EAEko beste txokoren batean ere bilatu duzue, ezta?
Bai, EAEn 7 lekutan aurkitu da soilik, hauetako bi Hernanin. Hernanikoak Hernaniko landare mehatxatuen mikroerreserba sarea izeneko lanean topatu zituzten Ibai Olariagak eta Iñaki Sanz-Azkuek.
Eta ikerketa momentu honetan zertan da? Haziak bildu ondoren non gordeko dituzue?
Hernanin aurkitu direnetariko bat berezia da egoera onean dagoelako eta fruituak ematen dituelako. Portugalgo erramua Desagertzeko Arrisku Larrian bezala katalogatua dagoenez, aurten bere haziak bildu dira, Fraisoroko Germoplasma bankuan gordetzeko. Asmoa da, hazi horiek bideragarriak diren edo ez ikustea eta bide batez haziak baldintza bereziak dituen biltegi batean gordetzea, beste hainbat landare espezie mehatxatuekin batera.
Zergatik dira garrantzitsuak horrelako ikerketak?
Biodibertsitatearen galera gero eta handiagoa den garai honetan, espezie mehatxatuen haziak biltzeak, espezie hauek desagertuko balira, euren lagin bat edukitzea baimenduko liguke. Izan ere, Portugalgo erramua, duela milioika urte gure inguruan genuen landarediaren arrasto bat da, eta beraz gure natura ondarearen zati garrantzitsu bat.
Zuhaitzen haziak biltzeaz gain, aldaketa klimatikoarekin
zerikusia duen partzela bat
neurtu duzue Hernanin. Zer
egiten duzue bertan bildutako datuekin?
Lortzen ditugun datuak aldaketa klimatikoa neurtzeko erabiltzen dira, baina etorkizunean, helburu nagusiak beste batzuk dira. Paisaiak epe ertain zein luzean dituen aldaketak neurtu nahi dira. Aldaketa hauek faktore ezberdinek eraginda izan daitezke: eboluzio naturala, gizakiaren eragina (lur erabilerak eta abar) eta nola ez, aldaketa klimatikoaren eragina ere atzeman daiteke.
Zein ingurutan dago
partzela hori?
Emaitza hauek lortzeko proiektu europar bat denez, Europa osoan landaredi ezberdineko guneak banatu dira eta hauen barruan zoriz, 1km x 1 km-ko partzelak aukeratu dira. Aranzadiri EAEkoak egitea egokitu zaio, horietariko partzela bat Hernanin dago, Oindi eta Urumea ibaiaren arteko baserri giroko ingurune batean.
Nolakoa da prozesua?
2005eko landaredi-mapa oinarri bezala hartuta, azken 6 urte hauetan izan diren aldaketak markatzen ditugu partzela horretan. Besteak beste, bertan dauden habitat desberdinak kartografiatzen ditugu: baso motak, landaketa motak, zelaiak diren, gune eraikiak… Garrantzitsua da ere lurraren erabilera nolakoa den ikustea: eremua segatzen den, larratua den, frutarbolak dauden, zuhaitz mozketak eta abar. Guzti honetatik baserri giroko erabilerak aldatzen nola doazen ondorioztatu daiteke.
Eta aldaketa klimatikoaren
eragina bera, nola ondorioztatzen duzue hortik?
Aldaketa klimatikoaren eragina neurtzea konplexua da. Baina gisa honetako ikerketa haundiekin eta landarediaren jarraipen bat eginez pistak lortu daitezke. Orain arteko gabezia haundiena datu falta izan da. Lan honi esker etorkizunean modu jarraian bildutako datu asko izango ditugu Europa osoan, etorkizunean ondorioak ateratzeko balioko digutenak.