Eguraldi hotza iristearekin batera, usoak Europa ipar eta erdialdetik hegora egiten du, Afrika aldera, zonalde goxoagoaren bila. Bidaia hori egiten duten garaia izaten da urteko preziatuena ehiztarientzat, beda osoa irekitzen den garaia baita. Momentu hori iritsi da, eta gaurtik aurrera usoak, birigarroak, oilagorrak... denetatik ehizatzeko aukera izango da, beda osoa irekiko baitu Gipuzkoako Diputazioak probintzia osoan. Hernanin Txantxangorri elkartea arduratzen da ehiza postuak zozketatzeaz, egunero. Zozketak beda erdiarekin hasten dira, baina benetako ehiztari mugimendua beda osoa zabaltzen denean izaten da. Hortaz, gaur hasi eta abendura bitartean kolak izango dira Txantxangorri elkartean, egunero 20:00etan egingo diren zozketetan.
Hiru ehiza guneak zabalik
Hernanin hiru gunetan ehizatu liteke beda osoa zabaltzen denean: Montebideon, Azketan eta Larregainen. Azken urteetako datuei erreparatuz gero, bi azkenekotan botatzen dira pieza gehien, nahiz eta Montebideon ehizatzeko egun gehiago izaten diren. Joan den urtean esaterako, gehien ehizatu zen gunea Larregain izan zen, 472 pieza botata; ondoren, Azketa 451 botata; eta azkenik Montebideo, 140 botata.
Ehiztari kopuruak aztertuz gero, guztira 3.819 ehiztari federatu ziren joan den urteko ehiza denboraldian. Horietatik gehienak Montebideon aritu ziren ehizean, 1.451 guztira; hori bai, kontuan izanda 103 egunetan izan zela bertan ehizatzeko aukera. Larregainen 946 ehiztari aritu ziren 55 egunetan. Azkenik, Azketan 1.236k egin zuten ehiza, 52 egunetan.
Usoa preziatuena,
Birigarroa ehizatuena
Beda osoa zabaltzen denean beste hainbat espezie ehizatzeko aukera ere badago, usoa da ehiztarien artean preziatuena. Joan den urteko datuak aztertuz gero, bota ziren piezen artean birigarroa da, nabarmen, gehien ehizatu zena, 900 pieza. Oso atzetik, ehizatu ziren usoak 108 izan ziren; eta oilagorrak berriz, 10. Azkenik, denboraldi osoan bota ziren bestelako piezak 45 izan ziren.
Ehiza denboraldia ona izateko hego haizea da klimarik egokiena. Txantxangorriko Agustin Urretabizkaiak azaldutakoaren arabera, hego haizea dagoenean usoak beheragotik egiten du bidea hegan, eta orduan izaten da ehizatzeko aukera: «usoak indar haundia du, eta hotza egiten badu, altuera haundian egiten du hegan... behetik joateko eguraldi epela behar du». Urretabizkaiaren esanetan, joan den urtean eguraldiak ez zuen askorik lagundu, eta denboraldiaren balorazioa kaxkar xamarra izan zen. Aurten ordea, batez ere azken asteetan egiten ari den eguraldi ona ikusita, esperantzarekin dira.
Oilagorra saltoan bakarrik, txakurrarekin ehizatu liteke
Joan den urtean hasi ziren oilagor ehiztariak parte guztien berri Gipuzkoako Federazioari ematen, Agustin Urretabizkaiak dio ondo funtzionatu zuela.
Oilagor ehiztari bakoitzak txartel bat izaten du, bere datuekin. Hala, ehiza ateratzen den bakoitzean eguna eta non ibili den apuntatu behar du bertan. Oilagorren bat ehizatuko balu, txartel horretako pegatina moduko bat kendu eta oilagorrari jarriko lioke hankean. Txatelak dituen 15 pegatinak bukatuta, ehiztariak txartela entregatu beharko du, eta behar edo nahi izanez gero, beste bat eskatuko du. Hala, bai Gipuzkoako federazioak eta baita Europako erakundeek zenbat oilagor ehizatzen diren jakiten dute.
Horrez gain, oilagorrak saltoan bakarrik ehizatu litezke hemendik aurrera, txakurrarekin. Beraz, orain arte egin den bezala, zain egonda ehizatzea debekatua egongo da.
Parte sistema zabalagoa, esperimentu gisa
Zenbat oilagor ehizatzen diren bakarrik ez, Diputazioak orokorrean zenbat ehizatzen den ere jakin nahi du, eta horregatik aurten eguneroko parte sistema jarri du martxan, esperimentalki, ehiza gune batzuetan, horien artean Hernaniko hiruak. Urretabizkaiak dioenez, federazioak eskatu die eguneroko parteak egitea. Hala, zozketa bakoitzean ehizatutakoa apuntatzeko txartela banatzen diete ehiztariei, eta hauek hurrengo eguneko zozketaren aurretik entregatzen dute datuak apuntatuta. Urretabizkaiak dio ari direla egiten, baina oso zaila dela: «gure borondatea ez da nahikoa, ehiztari guztiek ere parte hartu behar dute, eta hori oso zaila da».