«Madrildarrak ere etorri zaizkit materiala erostera, souvenir gisara eramateko»

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 10a, 02:00

Pelotari izan zen garaian eta gaur egun ere, pelotako ma­teriala eskuratzeko aukera gu­txi zegoela ikusi zuen Koro Barrenetxea hernaniarrak eta erabaki zuen, pelota den­da bat on line, hau da, interneten jar­tzea, iaz: Pelotadenda.com. Urria­­­ren 4an urtea bete zuen eta oso gustora dagoela dio: «Hasieran ez dakizu horrelako zerbait martxan jarri eta nola funtzionatuko duen, zer oihar­tzun izango duen, bai­na ikusita zenbat bisitari di­tu­gun, oso gustora nago. Egu­netik egunera jende gehia­gok ezagutzen du Pelo­tadenda».

Eskaria, leku guztietatik
Bezeroak batez ere, Euskal He­rrikoak eta Estatu mailakoak direla dio Barrene­txe­ak, eta azken horiek direla gehienak. «Izan ere, hemengo batek ba­da­ki nora jo, baina Salamanca, Teruel, Za­moran... han ez dute nora jo». Eta estatutik kanpo ere izan ditu eskaerak: Argen­ti­na, Txile, Miami, California, Italia... «Nueva Caledoniatik (Ozeania) ere egin izan didate eskaera. Etcheberry abizena zuen gizon bat jarri zen nerekin harremanetan. Jaio­tzez Biarritzekoa zen eta pun­tista izana. Interneten beste zerbaitetan ari zela topatu zuen Pe­lotadenda eta materiala nahi zuen. Nueva Caledonia kolonia frantsesa da eta frontoi libreak daude, Iparraldekoak bezalakoak».    «Beste batean, Madrilgo pu­bli­zitate agentzia bat jarri zen harremanetan. Iragarki bat egin behar zuten eta modeloa pelotariz janzteko ma­teriala erosi zuten».
Ma­kina bat istorio bitxi bizi ditu Barrenetxeak Pelotaden­dari esker eta esperientzia polita eta aberasgarria dela azpimarratu du. Eta batez ere, madrildarrekin dago harritua: «Ma­te­riala erostera etorri izan dira dendara (Mitxel Kirolak), souvenir bezala eramateko. Esaterako, senar-emazte ba­tzuk etorri ziren xarea nahi zutelako oroigarri bezala eramateko. Konturatu naiz euskal kutsu haundiko kirola dela pelota eta askok lotzen dutela euskal kulturarekin».

Epaileen txapak lortu nahian
Pelotarako behar den material guztia dago eskuragarri Pe­lo­tadendan. 300 artikulotik go­ra daude. Eta harrigarria bada ere, bada eskatu dioten eta be­rak ez daukan zerbait: epaileen txapak. «Horiek epaileek ba­­­ka­rrik izaten dituzte, Fede­ra­zio­ak ematen dizkie», dio Ba­­­rre­netxeak. Dena dela, lor­tzeko bidea egin omen du.

Pelotadendak euskarri fi­si­koa dauka martxoaren 11tik, Mi­txel Kirolak denda, hain zu­zen. Denda duenetik mugimendu gehixeago izan dela nabaritu du Barrene­txe­ak. «Ez du zertan, baina be­tie­re, web orrian ikustean den­da bat badagoela, jendea seguruago sentitzen da».
Beraz, egun, internetez, te­le­fonoz (656 316 031) edo dendan egin daiteke erosketa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!