Etxetik gertu, Añarben barrena buelta, urrian

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 10a, 02:00

Mendiriz Mendik hilabete honetan proposatutako ibilbidea Añarbeko urtegira da, eta urriaren 30ean egingo dute.

Añarbeko urtegia Erren­te­riako lurretan dago. Añar­beko Mankomunitateak ku­dea­tzen du eta Errenteria, Do­nostia eta Oiartzungo udalen esku dago. Bere inguruan pagadiz osatutako ia 800 hektarea daude. Pagoa nagusi izan arren haritza ere ugaria da. Horren lekuko, esan Gipuzkoan eta Bizkaian aurki daitekeen harizti haundiena hemen dagoela. Inguruko herriei ura emateaz gain Añarbe interes haundia dauka fauna eta botanika aldetik.
Urtegira Añarbe errekako urak iristen dira (Urumearen adarra). Presak 65,5 metroko altuera du eta itsasmailatik 160 metrotara dago. Urtegia­ren  kuenka hidrografikoa 100 km2-koa da eta urtegiaren kapazitatea 43,7 Hm3-koa da. Hala ere, eurite gogorren erregulazio ahalmena gorde­tzeko, urtegia ez da guztiz betetzen.

Eskualde berezia
Añarbe eta Artikutza kokatuta dauden eskualdea oso berezia da. Prezipitazio ugari duen eskualdea da, urtean 2.000 litro/m2 inguru biltzen dira. Itsasotik datorren hezetasunak Kantauri eta Pirineotako mendilerroekin topo egiten du eta eskualde honetara bideratzen ditu haizeak. Bestalde Mediterraneo­ra hezetasunez beteta doazen aire masa antizikloikoak ere hemendik igaro behar dute eta bertan ur masa haundiak askatzen dituzte.

Eskualde honetan euri asko egiteaz gain, jasotzen den uraren kalitatea ere oso ona da. Bi arrazoi dira nagusi: substan­tzia  kutsatzaileak ez dituela eta gogortasun baxukoa dela. Gogortasun baxu hori euri-urak silizedun arroketan ugaria den lurretik iragazten direlako da. Arroka mota horietan karbonato eta igel­tsu gutxi egoten denez, lor­tzen diren errekako urek ere gatz mota horietatik gutxi izaten dute.

Galera askorik gabeko ibilbidea

Ibilbideak ez du misterio haundirik. Urtegiaren alde batetik hasi eta, buelta osoa eman ondoren, beste aldean bukatuko dugu.
Horretarako autobusetik jaitsi eta zaindariaren etxera igo behar da. Etxearen albotik ateratzen den pista hartuko dugu eta ibilbidea bukatu arte bertatik segiko dugu. Ez dago galtzeko aukerarik.

Ibilbide osoan bidea zabala eta erosoa da. Noizbehinka aldapatxoren batekin topo egingo dugu, baina orokorrean aldapa motzak dira eta ez dira oso gogorrak. Hori bai, urtegiko urak Añarbeko bailarako adar eta beso guztietan sar­tzen direnez, ibilbidea oso korapilatsua da. Ondoren urtegia zeharkatuko dugu, eta kilometro inguru oinez eginda; igerian berrogeita hamar metro liratekeena.

Nahiz eta bideak buelta asko dituen, inguruko paisaiaz eta lasaitasunaz lagunduta, ez da astuna egiten eta oso polita da.

Ibilbidearen bi heren egin eta gero bideak zubi bat zeharkatu eta tunel baten utziko du alboan. Tuneletik pasa eta berehala Hernani eta Goizueta elkar­tzen dituen errepidean gara. Nekatuta dagoenarentzat aukera egongo da ibilbidea hemen uzteko.

Hernanitik gertu dagoen eta gutxitan egiteko aukera izango dugun ibilbidea da. Etxetik gertu, paisai basati eta lasai honetaz gozatu nahi baduzu, orain duzu aukera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!