Ereñotzuko Auzo Udala martxan da. Maiatzean hasi zuen bidea, eta lehendabiziko pausoak ematen ari da, atzo Auzo Etxean azaldu zuten moduan, 52 auzotarren aurrean. Bi, nabarmenenak: harrera zerbitzua eta gizarte laguntzailea martxan dira. Horrez gain, epe motzean eta luzean dituzten asmoak azaldu zituzten: frontoia, taberna, komunak, Atez Ateko bilketa sistema Latxetik aurrerako etxeentzat...
Harrera zerbitzua eta gizarte laguntzailea
Ereñotzuarrek auzoan bertan egin ditzazkete tramiteak, pertsona bat han izango dutelako aste egunez, Auzo Etxean. Errolda agiriak, inskripzioak, heriotz eta jaiotze agiriak, konbibentzizkoak, erreziboen kopiak... lehen Hernaniko Udalean egiten ziren tramiteak, orain Ereñotzun bertan egin ahal izango dira, astelehenetik ostiralera.
Gizarte laguntzailea ere hasi da lanean, eta asteartero auzoan izango da. Ongintza Patronatuarekin hitzarmen bat egin dute, eta beharren bat duten auzotarrek zita eskatu ahal izango dute pertsona horrekin biltzeko. Atzo azaldu zutenez, lehendabizi, 60 urtetik gorako auzotar guztiak bisitatuko ditu gizarte laguntzaile horrek. Horrez gain, bere lana zehatzago azalduko dute, urriaren 19an, Kultur Astearen barruan.
Taberna eta frontoia, hurrengo apustuak
Atzoko bileran azaldu zutenez, Auzo Udalak epe motzean dituen helburuen artean, bi dira nabarmenenak: Irrintzi taberna berriz irekitzea, eta frontoi berria egiteko modua bilatzea: aurreproiektua landu,diru laguntzak eskatu, eta abar.
Horrez gain, asmo asko ditu Auzo Udalak, aurrera begira. Besteak beste, zaborrak Atez Ate biltzeko sistema luzatu egin nahi dute, Latxetik Naparralderaino. Ereñotzun komun publikoak ere ireki nahi lituzkete, egun berezietan futbol zelaia aparkaleku bihurtzeko aukera aztertzen ari dira... parke berrian argiak jartzea, elizako barandilak berritu...
HARRERA ZERBITZUA:
Astelehenetik ostiralera
- Ordutegia:
Astelehena: 09:00-11:30 / 18:00-20:00
Asteartetik ostiralera: 09:00-14:00
- Zita eskaera:
Zuzenean Auzo Etxean.
Telefonoz: 943 551000