arrieta txapeldun Aginaga eta Alde Zaharrean, eta Gorrotxategi Aginagan; pelota denboraldia hasi besterik egin ez den honetan, Hernanik hiru txapela eskuratu ditu txapelketa pribatuetan. Eta iritsi da txapelketa ofizialak jokatzeko garaia. Eskuz zein paletan Gipuzkoako Txapelketan murgilduta dira pelotari hernaniarrak, eta partiduek aurrera egin ahala, txapelaren bat irabazteko aukera geroz eta gertuago dute batez ere seniorrek eskuz, eta jubenilek paletan. Hernaniko Pelota Elkartearen helburuak betetzeko bidean dira hortaz pelotariak, denboraldi honetan ere, urterokoak baitira: «ahal den txapelketa gehien irabazi, eta ondorioz, ahalik eta txapela gehien jantzi», hala dio Rufino Rekaldek, elkarteko arduradunak. «Hori lortzeko errezetarik onena gogor entrenatzea da, jende ona badaukagu, baina hauek ere, irabazteko, ez dute beste erremediorik, entrenatzea. Lana eginda lortzen dira helburuak», gaineratu dio Rekaldek Kronikari, eta denboraldiko nondik norakoak eta elkartearen egoera ere azaldu dizkio.
«Gipuzkoakoan,
momentuz, espero
bezala ari dira»
Pelotari hernaniarrak denboraldiko aurreneko txapelketa ari dira jokatzen, Gipuzkoakoa. Hiru jardunaldi jokatu dira momentuz, eta txapela irabazteko aukera haundia dute seniorrek, bi partidu irabazi eta bat galdu baitituzte. Rekaldek dio, emaitzak esperotakoak ari direla izaten: «Ojuel, Gorrotxategi, San Sebastian eta Arrieta ari dira jokatzen seniorretan, eta maila honetan txapela irabazteko esperantza daukagu, aukerak behintzat badauzkagu eta».
Eskuz baita ere, jubeniletan, Urkizu eta Etxegoien ere oso txapelketa ona egiten ari direla azaldu du Rekaldek: «kasu honetan, txapela irabaztea oso zaila da, baina lau lehendabizikoen artean geratzen badira, Euskal Herriko Txapelketa jokatzera sailkatuko dira».
Paletari dagokionean, jubenil mailan paletari hernaniarrak jaun eta jabe direla dio Rekaldek: «Hernaniko bi bikote ari dira jokatzen, eta ziurrenik finalerako sailkatuko dira biak: Arrieta eta Goikoetxea, eta Pagola eta Huizi; ordezkoak dira Gorrotxategi eta Contreras». Hauez gain, bigarren mailan ari direnak ere txapela lortzeko aukera izango dutela adierazi du elkarteko arduradunak.
Nagusi mailan ere, lan bikaina ari dira egiten Manzisidor eta Semper, nahiz eta hauen kasuan, txapela lortzea ezinezkoa den Rekalderentzat: «maila honetan, Anoetako paletariek maila ikaragarrian jokatzen dute, eta Manzisidor eta Semper ondo ari diren arren, niretzat, txapela irabaztea ezinezkoa izango da; finalera iriste hutsa lorpen ikaragarria izango litzateke».
Euskal Herrikoa,
palmaresean falta den
txapela bakarra
Txapelak eskuratzeko lehia horretan, Euskal Herriko herriartekoa eskuratzea litzateke pelotari hernaniarren ametsa. Hori da pelota elkarteari falta zaion txapela bakarra, baina Rekaldek dio, oso zaila dela: «herriartekoetako lau probintzietako txapeldunek jokatzen dugu, baina kondizio ezberdinetan. Guk herriko jendearekin jokatzen dugu, eta Nafarroan eta Araban bereziki, kanpotarrekin jokatzen dute. Hortaz, ez dugu kondizio berdinetan jokatzen, eta ondorioz zaila da».
«Pelotari kopurua
mantentzen dugu, baina
kalitatea nabarmen jaitsi da»
Elkarteari berari erreparatuz gero, Rekalde gustora dago pelotari kopuruarekin. 52 pelotari federatu dira aurten, eta eskola kirolean ere, gorakada nabarmena izan da, 55 pelotari ari baitira: «zorionez, kopurua mantendu dugu». Hala ere, Rekaldek dio, azken urteetan kalitateak behera egin duela nabarmen, futbolaren eraginez: «kirola egiteko kondizio ona dutenek ondo jokatzen dute edozein kirolera, baina gehienek futbola aukeratzen dute».