Adarrots taldeak hasiko du Alboka Topaketa, iazko Eurofolk Saria irabazi zuen taldeak

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 7a, 02:00

Bizkaiko taldeak folk musika egiten du, garai bateko eta oraingo musikak nahastuta. Gaur joko dute Sandiusterrin, 19:30etatik aurrera. Bihar Euskal Herriko albokariak izango dira Hernanin, besteak beste.

Indarrean hasiko dute gaur Albokarien Topaketa, Adarrots taldearen kontzertuarekin. Moda-modako taldea da Adarrots, folk musika egiten duena, eta iazko Eurofolk saria irabazi zuena, Kordoban. Bizkaitarrak dira, eta azken urtean Europako hainbat talderekin jo dute, Irlanda, Italia, Portugal eta abar. Euskal doinu zaharrenak hartu eta gaur egungo musika egiten du talde gazte honek, eta gaur izango da aukera Hernanin entzuteko. 19:30etan, Sandiusterrin.

Albokak nola egiten diren erakutsiko dute bihar
Gaur indartsu hasi, eta bihar luze jarraituko du Alboka Topaketak. Besteak beste, aurkezpena, bazkaria, alboka emanaldia eta azoka izango dira. Alboka Midi lana aurkeztuko dute goizean, albokazaleenentzako. Bazkal ondoren, Tilosetan izango da giroa. Alde batetik, urteroko Albokaldia en­tzun ahal izango da, Euskal Herriko bazter guztietako alboka hotsekin. Bestetik, albokagileek azoka jarriko dute.

Alboka Hernanin, 18 urtez
Euskal albokariek elkar ezagutzeko aukera izaten duten urtero Hernanin, eta hernaniarrek alboka ezagutzeko ere aukera ederra izan dute, azken 18 urteetan. 

EGITARAUA

URRIAK 7, ostirala
19:30 Kontzertua: ADARROTS
Sandiusterrin
URRIAK 8, larunbata
10:30 Aurkezpena: ALBOKA MIDI Hernani Musika Eskolan.
12:00 Alboka kalejira, Hernaniko Kaxkoan barrena.
14:30 Herri Bazkaria, Santa Barbaran, albokariekin. Parte har­tzaile ez direnek 20 euro.
18:00 ALBOKALDIA. Euskal Herriko albokariak Tilosetan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea, eta Nafarroako albokariak.
Albokagileen azoka eta erakusketa.
Oharra: euria egingo balu, Tilosetako ekitaldiak Atsegindegin egingo dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!