hernaniko Atez Ateko esperientziari buruz hitz egingo du Luis Intxauspe Alkateak larunbatean, Italiako Capannori hirian. Lau eguneko jardunaldiak antolatu dituzte 45.000 biztanleko hiri horretan, eta nazioarteko esperientziak kontatuko dituzte, Zero Zabor helburuarekin lanean ari direnak (Zero Waste).
Hernanin egin den moduko esperientziak, munduan
Gaur hasiko dira jardunaldi horiek eta igandean bukatu; lema, honakoa: Esperienze comunni verso Rifiuti Zero. Hernaniko Atez Atekoa bezalako esperientziak kontatuko dituzte jardunaldi horietan, eta Luis Intxauspek larunbatean hitz egingo du. Berarekin batera hitz egingo dute gai honi buruzko munduko zenbait adituk: Paul Connet (Zero Waste mugimenduaren lider ezagunena), Jack Macy (San Franciscoko Zero Waste egitarauaren burua) eta Joan Marc Simón (Zero Waste erakundearen Europako koordinatzailea).
Italian, 53 herri ari dira
Atez Ateko sistemarekin
Italiako Zero Zabor mugimenduak (Rifiuti Zero) 53 herri eta hiri biltzen ditu, eta mundu mailan erreferentzia bihurtu da helburu horren alde ari direnentzat; 87.000 biztanleko hiriak ere ari dira horretan, Italian; adibidez, Napoli ondoko Torre del Greco. Beraz, ez da kasualitatea, jardunaldi hauek Capannori hirian egitea. Jardunaldi horietan aurkeztuko dute, baita ere, Victor Ibañezen Zero Waste filma.