«Nik uste aurten lortuko dugula. Lortu behar dugu», halaxe dio Javier Seco senior A taldeko bigarren entrenatzaileak, aurten, Hernani Ohorezko B mailatik A mailara igoko den galdetuta. Aurredenboraldia ondo joan dela eta taldea oso ondo ikusten dutela azaldu diote Kronikari Seco eta Patrick Polidori entrenatzaileek. «Taldea oso ondo ikusten dugu. Udan lanean ondo aritu gara eta iaz lesionatuta zeuden bost jokalari garrantzitsu berreskuratu ditugu. Igo diren jubenilek ere maila ona dute». Denera 11 jubenil igo dira seniorretara eta horietatik 4-5 ariko dira lehenengo taldean. «Taldea prest dago igotzeko. Ia 30 jokalari badauzkagu badakitenak jokatzen, jokatzea nahi dugun bezala», dio Polidorik. Dena dela, zorteak ere eragina izango duela nabarmendu dute: arbitroak, eguraldia...
Aurten, konbinazio
garrantzitsua
Polidorik hirugarren denboraldia egingo du aurten, Hernanin. Lehenengo urtean igotzetik puntu batera geratu ziren. Iaz, berriz, baja asko izan ziren eta taldea ia hutsik izan zuen. Horrez gain, taldean aurreko urteko ajea nabaritzen zela dio entrenatzaileak. Dena dela, hasiera kaxkarra izan bazuen ere, laugarren postuan bukatu zuen iaz Hernanik. Seco jokalaria izan da orain arte, oraindik ere partiduren bat jokatuko du agian, eta aurten entrenatzaile gisa ariko da, Polidorik laguntzailea behar baitzuen aurreko jokalarientzat. Secoren iritziz, «aurreko urtean akats bat izan zen, lehiakortasun falta. Ez genuen sinetsi ahal genuela. Egia esan, ia hiru urtez jarraian igoera fasea jokatu dugu eta beti atarian geratzen bazara, horrek eragina du. Baina aurten izango dugu gazteen ilusioa, gogoa... falta genuena. Orain dauzkagu aurrean jokatzeko eskarmentua duten jokalariak eta alboan, gazteak gogoekin. Konbinazio hori iruditzen zait dela oso interesgarria». Konbinazio horrek ematen dituen fruituak ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera, izan ere, gaur ekingo diote denboraldiari. Durangoren aurka jokatuko dute, Harripausetan, 12:00etan. Eta bi entrenatzaileen esanetan, Hernanik ez luke arazo haundirik izan behar irabazteko. Bestalde, ligako aurkaririk gogorrenak Bera-Bera, Bartzelona eta Oviedo izango direla aurreikusten dute.
Klubak, bide berria
Polidoriren ustetan, Hernaniko errugbi elkarteak orokorrean, bide berria hartu du. «Eboluzio bat ikusi dut. Kategoria guztietako taldeetan, lehenengo taldeko jokalariak daude entrenatzaile gisa eta beraz, jokatzeko estilo bera zabaltzen ari da. Jarraipen bat dago. Horrez gain, orain txikitatik erakusten da lehiatzen eta lehenengo taldera igotzerako, jokalariek badakite maila honetan jokatzen».
200 lagun inguru
Aurten, 200 lagun inguru ariko dira errugbi elkartean, inoizko talde eta jokalari gehien. Sei talde ariko dira lehiatzen: Senior A eta B, nesken taldea, jubenilak, kadeteak eta infantilak. Senior B taldeari dagokionean, Secok dio garrantzitsua litzatekeela taldeak, talde izaera hartzea eta pixka bat finkatzea; konpetitzeko prestatzea. Gainerakoan, sekulako harrobia dagoela azaldu diote Kronikari. Horrez gain, nesken taldea izango da aurten. 20tik gora neska ari dira prestatzen abenduan denboraldia hasteko eta ilusio eta gogoz daudela azpimarratu dute bi entrenatzaileek.
Bazkide-laguntzaile beharrean
Elkartea indartsu dago, baina ekonomikoki egoera kaxkarrean. Hori horrela, bazkide-laguntzaile egiteko kanpaina jarri dute martxan. Bazkide-laguntzaile egiten denak, urtero 30 euroko kuota ordainduko du, eta trukean, Ohorezko B mailako etxeko partidu guztietan zozketa batean parte hartuko du. Zozketa bakoitzean, Hernaniko jatetxe eta sagardotegi ezberdinetan bi lagunentzako otordu bat zozketatuko da. Izena emateko puntuak: errugbi elkartea eta Hernaniko Kaxkoko tabernak.