Hernaniko areto futboleko taldeak Yone Boutique izaten jarraituko badu ere, patrozinatzaile berria izango du aurten, Horbel Taberna, eta izen hori hartuko du taldeak. Eta aldaketak ez dira izenean bakarrik izango, aurpegi berriak ere baditu taldeak. «Gazteak dira eta hernaniarrak. Hori guretzat oso garrantzitsua da», azaldu du Julen Giraldo taldeko entrenatzaileak. Taldea indarberrituta dator beraz, eta Giraldok nabarmendu duenez, ahalik eta denboraldirik onena egin eta beti bezala, ahalik eta gorena egoten saiatuko dira. «Gure helburua partiduz partidu irabazten joatea da, aukera baldin badago, eta jokalari berriak taldera egokitzen joatea». Denboraldiko lehenengo partidua bihar jokatuko dute Azkoitian, Concepto Createch taldearen aurka.
Denboraldian, sorpresak
Denboraldiari ekiteko gogotsu daudela dio Horbel Tabernako entrenatzaileak, baina taldeetan aldaketak egon direla eta, sorpresak egon daitezkeela uste du. «Denboraldi honetan, 16 talde izan beharrean 14 izango gara. Talde batzuk ezin izan dute dirua edo jendea lortu aurrera egiteko. Bestalde, talde gogorrak izango dira, izan ere, iaz Nazional B mailan zeuden pare bat talde, hau da, bi kategoria gorago zeudenak, aurten gurekin ariko dira, krisia dela eta». Hori horrela, denboraldia hasi aurretik nola ibiliko diren jakitea zaila dela dio.
17 jokalari
Horbel Taberna taldea, 17 jokalarik osatzen dute: atezainak, Aitor eta Julen; ixten, Asier, Andoni, Imanol eta Aimar; hegalak, Rober, Javi, Ruben, David, Igor, Sergio, Ivan eta Miguel; eta pibotak, Iosu, Aitzol eta Oriol.