Argentinar eta euskal musika uztartuko dituzte, musika eta ipuinen bitartez

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 29a, 02:00

Ainara Ortega, Joana Or­tega eta Sebastian Ustaro­zek Argentinako eta Euskal He­rriko musika uztartuko dituzte bihar Leokan, Uda­leko Berdintasun Kontsei­luak eta Arloak antolatu duten emanaldian. Bosga­rren urtez, aintzanako emakumeen topaleku, lan leku eta kontu toki izan zen Leokan izango da emanaldia, berriz ere emakumeei protagonismoa eta lekua emateko helburuarekin; 20:00etan hasiko da.
Emanaldiak Chacahiru eta Hamaikahitz izena du, eta emakume ezberdinen pa­sar­teak eta gogoetak jasotzen ditu. Hauek ipuin, kontakizun eta olerki formatuetan kontatuko dizkiete Leo­kara gerturatzen diren guztiei, beti ere, musikaz lagunduta.  Ai­nara Ortega, Joana Ortega eta Sebastian Usta­roz musikaz arduratuko dira, eta Ainhoa Pineda eta Karla Ferreño ariko dira aktore lanetan.

Zergatik Leoka
eszenatoki?

Asko dira urtero Leoka eszenatoki gisa aukeratzearen arra­zoiak, hala azaldu du Uda­lak Kronikara bidalitako oharrean. Azaldu dutenez, arrazoietako bat da Leokako labaderoa, historikoki, emakumeen presentzia haundia izan duen lekua dela: «or­du­an, etxeko garbiketak emakumeek egiten zituzten nagusiki».
Horrez gain, diote herriari genero ikuspegitik begiradatxo bat botata, aldatzeko asko ikusi dutela: «jar gaitezen gure herriko kale, enparantza, monumentu, eta eraikinen izenei begira. Edo pentsa dezagun herriak nola dauden diseinatuta; esaterako, zergatik duten halako nagusitasuna kotxeek, zein­tzurengan pentsatuta diseinatu izan diren pentsatzen jarriz gero, berehala asmatu dezakegula uste dugu».
Azkenik, gaineratu dute zeregin asko daudela jakinda, emakumeek erabiltzen zuten ingurune hau errekuperatzea pausu bat izan daitekeela: «duela urte batzuk egin zituzten txukunketa eta garbiketa lanei esker, duen itxura eta diseinuagatik leku gustagarri eta ederra da. Eta horrez gain, hainbat ikuskizunetarako egokia dela ere pentsatzen dugu. Beraz, emanaldi honetarako leku ezin hobea dela uste dugu».

Larramenditik Porturako bidea, itxita
Emanaldia arratsaldeko 20:00etan dela kontuan izanda, Udaletik jakinarazi dute Larramendi kaletik Portura doan bidea moztu egingo dutela, Leoka labaderoaren parean, arratsaldeko 19:45etatik 22:15etara, «sortuko diren arazoengatik barkamena eskatzen dugu».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!