«Egungo gizarte ereduak ez ditu gure beharrak asetzen, eta jendearen arteko bizi baldintzak geroz eta kaxkarragoak dira. Horregatik, eta bestelako eredu baten alde orain lanean hasteko, antolatu dira Auzolan Topaketak», hala azaldu zuten joan den astean Usurbilen izandako prentsaurrean, Auzolan Topaketen helburua. Topaketak hiru eguneko iraupena izango du, ostiraletik igandera, eta bertan solasaldietan, batzar-eztabaidetan, kultura ekintzetan eta abarretan hartuko dute parte Euskal Herriko bazter guztietatik gerturatuko diren ehundaka lagunek. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, duela urte eta erdi inguru abiatu zen Auzolan egitasmoa Euskal Herrian, eta asteburuan ordutik ona izandako ezagutzak partekatuko dituzte lehendabizi, eta ondoren, horien inguruko hausnarketa egingo dute. Topaketara joan nahi dutenek www.auzolan.info orrian eman behar dute izena, eta bonoa 30 eurokoa da. Bono horri esker, partehartzaileak hiru egunetan izango du ekintzetan parte hartzeko aukera.
Ostiralean solasaldiak,
larunbatean batzarrak,
eta igandean bazkaria
Topaketak irauten duten hiru egunetan izango dira ekintza eta ekitaldi ezberdinak. .
Aurreneko egunean, ostiralean, hainbat solasaldi izangodira: Krisi globala, LANKI Lankidetza Ikertegiko kidea den Joseba Azkarragaren eskutik, eta Herri garapena eta Cooperativa Integral Catalanaren esperientzia, Antxon Mendizabal eta Gorkaren eskutik.
Larunbatean, gizarte arloko gaiak landuko ditzute goizean zehar egingo diren batzar eta eztabaidaguneetan: elikadura, energia hezkuntza, kultura, osasuna, informazioa eta komunikazio teknologiak, euskalgintza, eta herri jaiak, hurrenez hurren. Guztiak moderatzaile batek zuzenduko ditu, eta arlo bakoitzeko hainbat aditu izango badira ere, bertara gerturatzen diren guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Arratsalderako berriz, Tokiko Batzarrei eta Txanponei buruzko solasaldiak antolatu dituzte Patxi Azparren, Felix R. Mora eta Gorkaren eskutik.
Azkenik, igandean, Auzolanaren liburua aurkeztuko dute lehendabizi, eta ondoren Euskal Herriko Auzolan sarea eratuko dute. Topaketa bazkari eder baten bueltan bukatuko da.