Etiopiako Wukrori laguntzeko eta elkartasuna adierazteko jardunaldiak antolatu dituzte asteburuan: jolasak eta material salmenta gaur, eta bazkaria eta meza bihar. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta helburua ez da dirua ateratzea bakarrik: «nahiz eta Olaranen proiektuetarako dirua lortzea garrantzitsua den, herritarrek Wukrorekin sentsibilitatea izaten jarraitzea ere garrantzitsua da». Jardunaldiak aurkeztu zituztenean azaldu zutenez, Wukron, Afrika osoan bezala, egoera geroz eta latzagoa da; azken urteetako lehorterik gogorrena ari dira bizitzen, eta krisiak egoera hori areagotu besterik ez du egin».
Etxeko txikienei
zuzendutako eguna, gaur
Gaurko ekintza nagusia umeei zuzendutako jolasak dira, hauek ere txikitatik sentsibilizatzen hasteko modu bikaina baita jokuena. Hernaniko gazteek antolatu dute eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera izango dira, Atsegindegin.
Leku berean baita ere, Wukroren inguruko material ugari salduko dute, hala nola, gizonezko eta emakumezkoentzat kamisetak, mantalak, motxilak... Kolore askotan izango dira aukeran, guztiak 10 euroan. Materiala hilabete osoan zehar izan da salgai puntu ezberdinetan, eta orain arte aukerarik izan ez dutenek gaur dute erosteko aitzakia bikaina. Ohiko materialaz gain, bi argazkilari katalanek bertan ateratako argazkiekin egindako liburua ere jarriko dute salgai.
Meza goizean
eta bazkaria eguerdian,
jardunaldiak agurtzeko
Igandea Agustinetako elizan hasiko dute, goizeko 09:00etan izango den mezarekin.
Eguerdian berriz, elkartasun bazkaria egingo dute Txantxangorri elkartean bertan. Urtetik urtera jende gehiago animatzen da bazkaltzera, eta aurten ere ez dira urruti ibiliko joan den urteko 200 mahaikideak. Bazkariak 22 euro balio du eta txartelak aldez aurretik erosi behar dira Iruretagoiena dendan edo Miguel Lujanbiori eskatuta.