Hernani Teklan Laser taldeak, hau da, senior taldeak gaur hasiko du denboraldia. Gipuzkoako goi mailan ekingo dio denboraldiari, iaz mailaz igo baitzen. Eta aurtengo helburua, mailari eustea izango da, Jon Esnaola saskibaloi taldeko arduradun, jokalari ohi eta jubenilen entrenatzaileak azaldutakoaren arabera. «Helburua izango da mantentzea. Erdialdean geratzea lortuko bagenu, hobeto, eta lehenengo lauen artean geratuko bagina, kristoren denboraldia izango litzateke. Izan ere, lehenengo lau taldeek Finalfour deiturikoa jokatzen dute». Dena dela, hori, urte pare batera gehiago ikusten du Esnaolak.
Taldeak entrenatzaile berria ere izango du aurten. Eta ez nolanahikoa: Ricardo Garre. Garre, 80. hamarkadan Hernaniko taldearen bultzatzaile eta jokalari izandakoa da eta entrenatzaile gisa esperientzia haundia duena: Askatuak-en ibilia, Eason, Donostin... Taldea 12 jokalarik osatzen dute eta hernaniarrak dira gehienak. 9 dira bertakoak, 1 Astigarragakoa eta 2 donostiarrak. Azken bi jokalari horiek aurten etorri dira Hernanira, gainerakoak iazko berak dira.
Lehenengo mailara buelta
Seniorren taldea lehenengo mailan dagoela ez da aurreneko urtea. Aurreko denboraldian bigarren mailan aritu baziren ere, horren aurreko hiru urteetan lehenengo mailan ibili ziren. Lehenengo urtea oso polita izan zela gogoratzen du Jon Esnaolak, garai hartan jokalarietako bat izan zenak, «baina hurrengo bi urteetan, taldetik kanpoko hainbat arazo tarteko, taldea desegin egin zen eta bigarren mailara jaitsi».
Orain, Taldea oso indartsu ikusten du Esnaolak eta ilusio haundiarekin. «Jokalariek gozatu egingo dute aurten eta ikusleek ere bai». Hori ziurtatzeko aukera izango da gaur, 16:15etan, Hernaniko kiroldegian. Intxaurrondoko Inter taldea izango du aurrez aurre.
Etorkizuna, bai
Hernaniko saskibaloi elkarteak kategoria bakoitzean 2 maila izango ditu aurten: infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan. Gazteak jokatzeko gogoz egoteaz gain, maila oneko taldeak daudela dio Esnaolak eta alde horretatik, etorkizuna badagoela Hernaniko saskibaloian. «Arazoa, ordea, entrenatzaile eta baliabide falta da. Jokalari diren batzuk entrenatzaile gisa hasten dira, baina urte bakoitzeko bat ateratzea litzateke onena. Kantxak ere falta dira. Talde gehiago izateko aukerarik ez dago. Kiroldegia berritu eta lekua gehiago aprobetxatu beharko litzateke. Pistak hobeto antolatu. Toki asko dago, baina gaizki aprobetxatuta», dio.
Jubenil eta kadeteek Euskadiko Txapelketan
sartzea helburu
2. urteko jubenilek Euskadiko Txapelketan sartzea dute helburu, hau da, Ligan, Gipuzkoako lehenengo bi taldeen artean geratzea. Gaur dute partidua Krafft Atletico Sn Sn-en aurka, 12:00etan, Atleticon. Kadeteen 2. urteko taldearen helburua ere bera da. Horiek etxean jokatuko dute, bihar 12:00etan, Goierriren aurka. 1go urteko taldeak, berriz, hurrengo urterako prestatzen ari dira. Eta infantilak, urria bukaeran hasiko dute denboraldia.
Neskei dagokienean, mutilen kasuan inguruko herrietako gazteak Hernanira etortzen diren bezala, Hernaniko neskek Astigarragako taldean jokatzen dute.