Garaipenarekin hasi duzue liga, zer moduz aurreneko partidua?
Ondo. Gauza asko daude hobetzeko baino partidu txukuna jokatu genuen. Orain arte landutako gauzak nahiko ondo egin genituen eta markagailua eta jokoa aldeko izan genuen partidu bukaeran. Pozik gaude denboraldiari hasiera ona eman diogulako.
Nolako taldea topatu duzu?
Talde gaztea da, ia erdiak kadetetan jokatzen zuen joan den urtean; beraz, hori kontuan izanda maila honetan esperientzia gutxi daukagula esan genezake. Beraien adinakoekin jokatzetik, zaharragoekin eta esperientzia haundiagoa dutenekin jokatzera pasa dira; partiduen erritmo eta indarrera egokitu gabe daude oraindik. Hala ere, teknikoki ondo landutako taldea da. Infantiletan eta kadetetan gogor ari dira lanean, eta horren ondorioz egokitzea errezagoa eta azkarragoa izango dela uste dugu. Lana egiteko gogo haundia dute eta horrek asko errazten ditu gauzak.
Beraz, iazko taldearekin alderatuta, aldaketa asko egin dituzue plantilan.
Bai, aurten lana eta ikasketak direla medio 8 jokalarik utzi dute taldea. Baja garrantzitsuak izan dira, bai jokoaren kalitatearen aldetik eta baita lehenago komentatzen genuen esperientziagatik. Urte asko zeramazkiten Hernanin futbolean jokatzen, eta maila soberan ezagutzen zuten.
Azkeneko urteetan play-offak jokatzera iritsi da taldea urtero, baina igoera lortzea ezinezkoa izan da Hernanirentzat. Zein da aurten duzuen helburua?
Helburua ikastea eta egunetik egunera hobetzea da, esan bezela, taldea gaztea da eta maila berrira egokitu behar da. Partiduak eta denboraldia aurrera joan ahala, sailkapenari begiratuta helburuak zeintzuk diren definitzeko aukera izango dugu. Epe laburreko helburua ondo entrenatzea eta asteburuetan lehiatzen ikastea da. Hortik aurrerakoak....
Entrenatzaile aldaketak asko aldatzen al du talde bat?
Nire ustez bai, bakoitzak futbola ikusteko eta entrenatzeko bere modua du. Nahiz eta funtsean danok gauza bera nahi dugun (gol asko sartu eta bat ere ez jaso) helburu hori lortzeko bideak desberdinak dira. Futbolean eta beste edozein talde kiroletan, sekretua gestioan dago, nahiz eta askotan garrantzia entrenatzailearen jakituria eta entrenatzeko abileziari ematen zaion (gaur egun teorikoki oso ondo prestatuta dauden entrenatzaileak daude).
Eta orokorrean, nola ikusten duzu Hernaniko nesken futbola?
Oso ondo. Geroz eta neska gehiagok jokatzen dute futbolean. Larunbatetan jokatzen diren eskola kiroletako partiduetan geroz eta neska talde gehiago ikusten dira. Azkenaldian partehartzea asko haunditu da. Horrez gain, Club Deportivo Hernanin ere, bai nesketan baita mutiletan ere, lan haundia egiten ari dira oinarrizko taldeetan, futbolean jokatu nahi duen orori joakatzeko aukera emanez, bai futbol eskolarekin, eta baita Klubeko beste taldeekin ere.
Zure aurreneko esperientzia da neskak entrenatzen?
Bai, aurten nire lehenengo denboraldia da nesken futbolean. Beraz, alde horretatik begiratuta, niretzako ikasteko urtea dela uste dut. Esperientzia berria da eta gogo haundiarekin ekin diot lanari.
Azkenik, zer emango dio berezia Iban Gilek taldeari?
Lehen aipatu bezela, futbola ikusteko nire modua. Talde lanari garrantzi haundia ematen diot, eta baita talde giroari ere. Taldean giro ona lortzea garrantzitsua da. Horretaz aparte gogoa, lana eta ilusio haundia ere bai.