Mugikortasun astea bete betean da Hernanin, eta azken hiru egunetan bezala, gaur eta bihar ere hainbat ekitaldi izango dira herrian. Europa osoan irailean ospatzen ari den Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egin du Udalak, eta Mugitu zaitez: hobetu zure mugikortasuna! lemapean, helburua da eguneroko bizitzan kotxe gutxiago eta garraio publiko gehiago erabiltzea.
Bost egun, ekintzez josita
Asteazkenean ikus entzunezko emanaldiarekin hasi zen Mugikortasun Astea, eta ordutik beste bi ekintza ere egin dira: kotxerik gabeko eguna ostegunean, eta haur eta nagusien entretenimenturako zirkuitua atzo. Gaur berriz, asteburua dela aprobetxatuta, bi ekintza egingo dira Atsegindegin: goizean bigarren eskuko azoka berezia, eta arratsaldean ginkana. Bihar berriz, Hernanin barrena bizikletan ibiltzeko aukera izango da, 09:30eatik 12:00etara.
Erabilitako bizkletak saldu, erosi edo trukatzeko aukera
Herritarrek aukera paregabea dute gaur, erabilitako bizikletak saltzeko, erosteko, edo trukatzeko. Bigarren eskuko azoka berezia jarriko dute Atsegindegin, eta bizikletekin batera, mugikortasunarekin lotura duten edozein objektu edo osagarri izango dira aukeran: patinak, patineteak, kaskoak, jantziak...
Azokan edonork izango du etxetik eramandako bizikleta edo objektuak saltzeko aukera. Horretarako, saldu nahi dutena 09:00etatik 10:30etara eraman beharko dute Atsegindegira; bertan eman beharko dira datu pertsonalak eta finkatuko da bizikleta salduko den prezioa; prezioa ezingo da 300 euro baino altuagokoa izan. Antolakuntzako taldea arduratuko da azoka zabalik dagoen ordutegian, 10:30etatik 13:30etara, zaintzeaz eta saltzeaz. Saltzeko utzi diren objektuen bila 13:30etatik 14:00etara pasa beharko dute jabeek.
Horrez gain, tailer moduko bat ere jarriko dute, eta erruedak nola aldatu, pintxazoak nola konpondu eta beste hainbat truko erakutsiko dituzte.
Kirol egokituaren ginkana, ariketa berriekin
Arratsaldean kirol egokituaren ginkana antolatu dute Atsegindegin, 17:15etatik aurrera, aurten ariketa berriekin: golf egokitua, punteria bertikala eta giltzak egiteko tailerra. 10 ariketa eta 3 tailerretan parte hartzeko aukera izango da, guztiak diskapazitate batekin zerikusia dutenak. Koxkak, laguntzaileetako batek, azaldu duenez, ginkanaren funtsa diskapazitatea duten pertsonaren tokian jartzea da: «helburua da eguneroko bizimodua egiteko dituzten zailtasunak ikastea».
Koxka elkartearen iritziz, Ginkana aukera ona izan dai-teke mugikortasunaren inguruan sakonago pentsatzeko: «mugikortasuna ez da soilik bidegorriak gehiago erabiltzea, edo autoa gutxiago hartzea. Autobus urbanoak denok erailtzeko moduan egokitzea ere bada, eta baita zebra bideak errespetatzea edo diskapazitatea duten pertsonen tokian ez aparkatzea. Alegia, beste sentsibilitate bat izatea mugitzeko zailtasun gehiago duten pertsonekiko».
Azaldu dutenez, ginkanan parte hartuko duenari kartoi bat emango diete, zer-nolako ariketak egin behar dituen jakiteko. Ariketak egitean, puntuazio bat emango zaio. Denetatik puntuatuko da: ariketak nola egin diren, gogoa, sinpatia, sentsibilitatea...
Ginkana bukatuta, txokolatada izango da bertan parte hartu duten guztientzat.