Guatemala, bertan izaten diren Giza Eskubideen urraketak eta UDEFEGUA (Unidad de defensa de los defensores y defensoras de los DDHH de Guatemala) oinarri hartuta, hitzaldia emango du gaur Claudia Samayoa filosofoak eta UDEFEGUAko kideak: Derechos humanos, defensoras y defensores. Hitzaldia 19:30etatik aurrera izango da, Biterin. Hernaniko Udalak eta Kooperazio Taldeak laguntza ematen diote UDEFEGUAri eta elkarte honek 10 urte bete dituela aprobetxatuta, bere lanaren berri emateko eta Guatemalako egoera ezagutarazteko antolatu da hitzaldia. Hernaniarrek ezagutzeko aukera izango dute herriak Udalaren bidez ematen duen laguntza zertara bideratzen den.
Elkartearen lana, Giza Eskubideen urraketak,
urtebeteko analisia...
Hitzaldian honako gaiei buruzko azalpenak emango ditu Samayoak: UDEFEGUAk 10 urteotan egindako lana; Giza Eskubideen babesleen aurkako biolentzia politikoa; azken urteko analisia; herrietan oinarrituta (El Peten, San Marcos, Izabal, Cotzal), biolentzian sakontzea; hainbat gaietan oinarrituta (lurrak, laborantza, meatzaritza), biolentzian sakontzea; erasoen ezaugarriak; Estatuaren erantzuna erasoen aurrean; eta Giza Eskubideen urraketen tipifikazioa.
53.892 hildako, 10 urteotan
Guatemalako GAM taldeak Guatemalako Giza Eskubideen gainean egindako informeen arabera, 2000tik 2010era, 53.892 hildako izan dira. Eta gaineratu dutenez, indarkeria hazten doa. 2011ko otsailera arte bildutako datuen arabera, otsaila izan zen azken hiruhilekotik indarkeria gehien erabili zen hilabetea. Iazko abenduan 247 hildako izan ziren, aurtengo urtarrilean 275 eta otsailean 295. Urtea bukatzerako, indarkeriazko heriotzak 6.000 izango direla aurreikusten dute; iaz 5.590 izan ziren. Hauteskunde urteak are gogorragoak izan ohi dira eta 2011 hauteskunde urtea da. Azken hamarkadako hauteskunde urterik gogorrena izango dela diote.