Irailarekin batera, euskaltegietako matrikulazio kanpaina martxan jarri zen eta oraindik bada izena emateko aukera. Matrikulazio kanpainari buruzko nondik-norakoak jakiteko asmoz, Udal Euskaltegiko eta AEKko ordezkariekin hitz egin du Hernaniko Kronikak. Azaldu dutenez, oraindik zaila da jakitea aurten izango den ikasle kopurua, baina iazkoari eutsiko diotela uste dute. Iaz Udal Euskaltegian 143 aritu ziren euskera ikasten eta AEKn 140 inguru. Orain arte, 100na lagun inguruk eman dute izena euskaltegi bakoitzean. Ikasle motari dagokionean, iaz bezala, euskera maila bajuko jende dexente apuntatzen ari dela azaldu dute. «Beste urtetako jende asko dago izena emanda, baina jende berria ere apuntatu da. Gainera, iaz eta aurten joera nabaritu dugu hasierako mailetako jende askok eman duela izena. Poztekoa da, horrek jarraipena izan dezakeelako», dio Gurutze Salaberriak Udal Euskaltegiko zuzendariak. Dena dela, orain arte bezala, maila altuko jendea ibiltzen da batez ere euskaltegian, azterketetarako prestatu nahi duena. AEKn ere nabaritu dute beheko mailetan mugimendu gehiago, etorkinak tarteko. Hori horrela, kopuruan alderik ez badago ere, talde gehiago izango dituztela aurreratu dute. Iluntzean, esaterako, bi talde gehiago izango dituzte, 0 mailakoa eta erdi urratsekoa. Udal Euskaltegiaren kasuan bezalaxe, azterketak egiteko jende askok ematen duela izena nabarmendu dute AEKn eta arrazoia langabezia izan daitekeela uste dute, «lanpostuetan perfilak gero eta gehiago eskatzen dituztelako».
Azken urteetan kopurua zertxobait jaitsi
Gurutze Salaberriaren esanetan, orokorrean, azken urteetan jaitsi egin da euskera ikasten duen jende kopurua. Krisiaren eta modulazioen eragina izan daitekeela uste du. «Gure kasuan, HABErekin lotuta gaude eta 10 orduko modulazioak eskaini behar izaten ditugu eta ordu gutxiago hobe litzateke». Krisiari dagokionean, udalak diru laguntzak ematen dituela gogorarazi du.
Bi euskaltegiek herritarrak matrikula egitera eta euskera ikastera animatu nahi izan dituzte eskaintza zabalaren berri emanez.
Udal Euskaltegiko eskaintza
Udal Euskaltegian euskera ikasi edo hobetzeko eskaintzen dituzten aukeren artean, euskalduntzea da bat. Klaseen ondoren, ikaslea beste ordu erdi ere gera liteke bertan, ikaskideekin etxeko lanak egiten, zalantzak argitzen... eta tutoretza egiteko aukera ere bada. Guraso eta merkatariena da Udal Euskaltegiak eskaintzen duen beste aukeretako bat. Autoikaskuntza eta euskerako perfil ezberdinetako azterketak prestatzeko aukera ere ematen dute, hala nola, HABEko 1, 2 eta 3garren mailak, IVAP, EGA...
Horrez gain, euskera jakin, baina erabilera sustatu edo hobetu nahi dutenentzat jarduera ezberdinak ere antolatzen dituzte: asteburuko barnetegiak, tailerrak, hitzaldiak...
Izen ematea: astelehenetik ostiralera 09:30etatik 13:30etara eta 16:30etatik 19:30etara. Informazio gehiago: 943 33 18 96 edo euskaltegi@hernani.net.
AEKko eskaintza
Urte osoan asko dira AEK euskaltegiak euskera ikasi edo hobetzeko eskaintzen dituen aukerak: Euskalduntze taldeak, azterketak lantzeko taldeak, autoikaskuntzako taldeak eta guneak dira euskaltegiko ardatza. Horrez gain, EGA eta maila guztiak on line egiteko aukera dago; zilegi eskolak ere badaude, hau da, ikasleez gain, herritarrei zuzendutako intereseko gaiei buruzko tailerrak (apikultura, sendabelarrak...), eta mintzalagunak eta bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte.
Izen-ematea: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara Hernaniko (Larramendi, 11) edo Astigarragako (kultur etxea) egoitzetan; hernani@aek.org edo astigarraga@aek.org helbideetan; eta 943557801, 607592864 edo 607610687 telefonoetan.