euriari protagonismorik eman gabe, ilusio eta gogoarekin ospatu dituzte hernaniarrek Euskal Jaiak aurten ere, bi egunetan.
Atzo Plazatik Atsegindegira eraman zuten eguneko ekitaldi nagusienetako bat, Sagarra eta Sagardoaren festa. Jendeak ederki hartu zuen leku aldaketa, eta eguerdia bitartean leporaino bete zen: batzuk sagarrak edo erakustaldiak ikustera gerturatu ziren, eta besteak, hain preziatu den sagardoa probatzera.
Trikitixa txapelketa Udaleko arkupetan jokatu zen, eta bertara ere herritar ugari gerturatu ziren euskal musikaz gozatzera. Onenak Beñat Ganboa (Aretxabaleta) eta Amets Ormaetxea (Arrasate) izan ziren. Bigarren, Paul Eizmendi (Donostia) eta Eider Manso (Lasarte) geratu ziren; eta hirugarren Olatz Jaka eta Leire Arizaga hernaniarrak.
Pelota partiduak ere lekualdatu egin behar izan zituzten, Tilosetatik kiroldegira. Paleta goman, Pagola eta Semperrek irabazi zuten Huizi eta Goikoetxearen kontra, 30-17. Eta eskuz, Arrieta eta Esnaolak irabazi zuten 22-21 Errasti eta Urruzolaren kontra.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!