Proiektu berri batean murgildu zinen, berriz ere Joaquin Caparrosen alboan. Suitzako Neuchatel taldera joan zineten lanera, baina bertako esperientzia bukatu zen taldearen jabearekin izan zenituzten arazo serio batzuk medio. Zein da egoera?
Ia sei astez egon gara, bost osorik egin ditugu, lau ligaren barruan; lau jardunaldi horietan ez genuen partidu bakar bat ere galdu, hiru berdinketa eta garaipen bat… Kluba estrukturarik gabe zegoen jabe aldaketagatik eta gertaera oso xelebrea izan genuen Ginebrako Servette aurka bina berdindu genuenean. Joaquin prentsaurrekoan zegoen bitartean, klubeko jabea aldagelan sartu zen bere segurtasuneko 4 agente eta besteren batekin batera… Misterra aldagelara iritsi zenean, eta jabeak jokalari batzuekin zuen jarrera ikusi zuenean lasaitzeko eskatu zuen… Egoera horren aurrean, Caparrosek bere jokalariak eta teknikoak defendatu zituen, eta argi utzi zuen zeinek agintzen duen aldagelan. Pertsonalki uste dut, Joaquin Caparrosek beste lezio bat eman zigula, entrenatzaile lana bizitu eta sentitzea zer den erakutsi zigun. Jabearen itxura eta gertatutakoa ikusita, kontratua desegitea erabaki genuen, modu amistosoan.
Esperientzia bezala, balio izan dizu orduan.
Esperientzia interesgarria izan da zentzu guztietan. Athleticetik atera ondoren, hauteskundeak egin ziren fetxa horietan Ligako taldeek dagoeneko lotuta zituzten entrenatzaile guztiak. Orduan, Joaquinek, kanpora entrenatzera joateko aukeren berri eman zigun… Alde batetik, itxoitea pentsatu zuen, baina bestetik aukera aprobetxatzea esperientzia berri bat bizitzea ere bazen, ikasten eta hazten jarraitzea: beste liga bat, beste herrialde bat, beste kultura bat, futbolean aritzeko beste modu bat...
Nolako maila aurkitu zenuten?
Suitzako Ligan maila bajuagoa dago, futbol zelaiak estadio txikiagoak dira, batzuk belar artifiziala dute… Aurrez aurre izan genituen taldeen artetik, Sion izan zen talderik indartsuena.
Eta bertako bizimodua,
egunerokoa, nolakoa izan zen?
Suitzak harritu egin nau. Berna, Ginebra, Lausanne, Zurich, Viena… xarma berezia duten lekuak dira. Neuchatel ipuinetako herri bat da. Oso gertukoa, lasaia, oso polita, herri guztia inguratzen duen laku haundi batekin… herritarren babesa izan genuen. Hizkuntzarekin ere zortea izan dugu; alde honetan frantsesa hitz egiten da.
Euskal Herrira itzuliz, nolakoa izan zen Athleticeko irteera? Eskaini izan balizute Bielsaren ondoan jarraituko zenuke?
Egia esan, Athleticen pasatako hiru urteak zoragarriak izan dira. San Mames bere afizioarekin, kopako semifinala Sevillaren aurka, kopako finala Bartzeloaren aurka, Superkopako finala, Gorkaren partidua 1-0 Real Madriden aurka, Raulen debuta San Mamesen, Santanderreko zelaian egindako ospakizuna UEFAra sailkatu ginenean… Athleticen dena izan da lana, esfortzua, konpromisoa… baina beti gozatuz. Bai lehenengo taldearekin, eta baita harrobiko jokalariekin ere. Desilusio haundia izan da Bilbon ezin jarraitu izana. Sentimendu aldetik, Athleticekin egongo naiz, jokalariak pertsona bezala ere sekulakoak dira, luxua izan zen Athleticen parte izatea. Profesionalki, bide ezberdinak hartu ditugu…
Etorkizunari begira, zein
asmo duzu?
Bai zelaian eta baita zelaitik kanpo bizitako guztiari buruzko ondorioak ateratzea: aukerak aztertu kirola hobeto egituratzeko, betiere, eliteko talde profesional batek ahalik eta ondoen funtzionatu dezan. Lana gero eta espezializatuagoa eta pertsonalizatuagoa da. Horrez gain, konpetizioko analisiak eta azterketak egiten jarraituko dut Joaquin Caparros eta Luci Martinekin, jokatzeko modua hobetzeko eta entrenatzeko ereduak hobetzeko. Laister Sevillan elkartuko gara. Espainiako Liga ere jarraituko dut. Joaquinekin konexio ona dut, asko identifikatzen naiz berarekin eta asko eskertzen diot dena. Laister berriro entrenatzen egotea espero dugu.
Hitzaldiak ematen ere ibiltzen zara. Zer duzu begi bistan?
Espainiako Federazioan, Las Rozasen jarraitzen dut maisu bezala. Oso gustora nago, toki guztietako teknikoekin… Nere ikaskera zabaltzeko eta banatzeko prest nago beti. Aurten, Argentinako, Portugaleko, Bartzelonako, Pontevedrako eta Las Palmaseko gonbidapenak eduki ditut. Baita ere, on line kurtsoak emateko proposamenak izan ditut.