«Finalean sartu eta goiko postuetan iristea lehenetsiko dut»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 16a, 02:00

Motorrak berotzen hasi da jada Iker Lujambio, asteburu honetan Miranda de Ebron (Burgos) izango den Espainiako Autokros Txapelketako seigarren eta azken proban onenekin batera lehiatzeko. Sailkapen orokorreko podiumean egotea ezinezkoa izango duen arren, goiko postuetan egoteko borrokatuko du pilotu hernaniarrak.

Mikel Aginagalde

Orain artean izan dituzun arazoak kontuan harturik, zein da zure helburu nagusia Espainiako Txapelketako azken proban?
Aurten zorte txarra izan dut hasieratik arazo mekanikoekin, eta ondorioz ezinezkoa izango zait lehenengo hiruren artean egotea, puntuei dagokienez. Hala ere, txapelketaren azken probako finalean sartu eta sailkapen orokorreko lehenengo zortzien artean egotea da nire xedea. Es­painiako Txapelketa urtean zehar egiten diren sei lasterketek osatzen dute. Saio ba­koitzean 60 autok parte hartzen dute guztira. Lau txanda egiten dira eta horietako bakoitzean 15 autok lehiatzen dute. Denbora onena egiten dutenak finalera pasa eta puntuak lortzeko aukera dute. Nire helburua aurreko postuetan egotea izango da.

Ze emaitza izan dituzu lehiatutako azken bost probetan?
Lehen lasterketan bosgarren postuan nihoala autoak huts egin zidan eta hamaikagarren amaitu nuen. Ondoren­go bi probetan, berriz, beste lehiakideekin talka egin eta finaletik kanpo geratu nin­tzen. Nahiko tamalgarria izan zen, baina hurrengo saioan, hau da, laugarrenean, aurretik izandako arazoak gainditu eta helmugara zortzigarren iristea lortu nuen. Orain arteko azken proba duela hilabete izan nuen Arteixon (Galizia). Han ere autoarekin arazoak izan ni­tuen. Hasi eta berehala gurpila zulatu, denbora asko galdu eta finaletik kanpo geratu nintzen. Hala ere, bigarren aukera izan nuen, eta azkenean lortu nuen onenen artean sailkatu eta hamargarren iristea. Egun hamalaugarrena naiz sailkapen orokorrean.

Non eta zenbat entrenatzen duzu astean zehar?
Egia esan, astegunetan ez dut entrenatzeko astirik izaten la­nean aritzen naizelako, baina asteburuetan Miranda de Ebro­ko edo Gasteizko zirkuituetan ibiltzen naiz. Az­ken fi­ne­an, garbi dut autokrosa hobby bat dela, eta gainera, ez didala prestakuntza fisiko han­­­dia eskatzen. Ho­rregatik, asteburuetan eta txapelketetan egiten dudanarekin ahal du­dan guztia hobetzen saiatzen naiz.

Zeintzuk dira autoaren ezaugarri nagusiak?
Txasi tubularra eta errepideko motoen motorra (600 zk) duen autoa da, eta orokorrean 120-130 km orduko abiadura har dezake. Pisua mu­gatua da, autoak ezin baitu 315 kilo baino gutxiago pisatu pilotua barruan egon ga­be. Pisua faktore garrantzi­tsua da lehiatzerako orduan.

Inolako diru laguntzarik jasotzen al duzu?
Txapelketetara joateko izaten ditudan gastu guztiak nire patrikatik ordaintzen ditut, ez dut patrozinatzailerik. Hala ere, autoaren fabrika­tzaile den Silver Car enpresa nafarrak mekanikarekin zerikusia duten gaietan laguntza ematen dit, adibidez, motorreko piezen prezioak merketuz.

Zer da garrantzitsua pilotu ona izateko?
Nik uste dut burua hotza izatea dela gakoa, lasterketan zehar izaten diren `pike´ horiekin ez berotzea eta zurean bakarrik pentsatzea. Zortearen faktoreak eragin handia du beste hamalau autorekin lehiatzen baituzu eta besteekin talka egin dezakezulako.

Etorkizunera begira ze asmo dituzu?
Rally-a probatuko al zenuke? Datorren urtean autokrosean jarraitzeko asmoa dut, ea aurten baino zorte hobea dudan. Rally-a egitea asko gustatuko litzaidake, baina oso garestia da, eta oraingoz konformatu beharra daukat. Baina etorkizunean nork daki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!