Buruntzaldeko euskaltegietako matrikulazio epea zabalik dago eta euskaltegietako eta udaletako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten atzo, eskaintzaren berri emateko eta herritarrak euskera ikastera animatzeko. Eskaintzen duten aukera zabala dela azaldu zuten eta diru laguntza esanguratsuak lortzeko aukera dagoela: «Gure eskualdean, euskera etxetik oso gertu ikasteko aukera dago; eskaintza zabala da, maila guztietan dago matrikulatzeko aukera, ordutegi ezberdinekin; eta diru laguntza esanguratsuak ematen ditugu Buruntzaldeko 6 udalok. 2010ean, denera, 119.700 euro eman ziren», azaldu zuen David Rosco Urnietako euskera zinegotziak. Hernanin, 180 lagun inguruk jaso zuten udalaren laguntza; 37.000 euro inguru eman zituen udalak. Ikasle kopuruari dagokionean, 2010ean, Buruntzaldean, 730 bat ikasle inguru aritu ziren euskera ikasten, eta Hernanin, 300 inguru izan ziren.
«Euskera bultzatzea,
zerbitzu soziala ere bada»
Olatz Urdanpilleta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo AEKko zuzendariak azaldu zuen, euskera bultzatzea balio kultural bat izateaz gain, zerbitzu sozial bat ematea ere badela, «herritarrek aukera berdinak izan ditzaten laguntzen baitu», eta helduen artean, adin batetik behera elebakarrak ez izatea helburua izan behar duela: «ez bakarrik euskeraren normalizazioaren mesedetan, batez ere, pertsona horien mesedetan».
`www.buruntzaldea.org´
Buruntzaldeko 6 udalek daramaten elkarlanaren ondorioz, www.buruntzaldea.org web orrialdea dago martxan. Bertan, euskerari dagokion atalean, euskera ikasteko Buruntzaldean dagoen eskaintza azaltzen da, Euskaltegien barruan. Herrika edo mailaka agertzen da eskaintza. Horrez gain, bakoitzaren maila zein den jakiteko testak egiteko aukera dago. Baita jaso daitezkeen diru laguntzei buruko informazioa ere. Eta dagoen aukera ikusita, momentuan izena eman nahi duenak ere badu, matrikula on line, internet bidez egitea.