Hernaniri eta bertako nekazaritzari lotutako animaliak gaur, azoka berezian

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 17a, 02:00

Bertako nortasuna duten espezieak, Hernanin betidanik bizitu direnak izango dira ikusgai gaur, ganadu azokan. Euskal Jaien barruan, bigarren urtez animaliak ikusgai izango dira Hernanin, eta aurtengoa gainera berezia, ezberdina eta xarma askokoa izango da. Hala aurreratu dio Kronikari Xabier Iradi albaitari hernaniarrak. Azokako antolatzaileetako bat izan da.
Ikusmira haundia sortu da gaurko azokaren inguruan, eta goizean 10:00etatik aurrera Tilosetara gertura­tzen direnek berehala an­tzemango dute arrazoia. Iradik azaldu duenez, «gerturatzen direnen­tzat aberasgarria, polita eta interesgarria izango da. Azoka indar­tsuago baten aldeko apostua egin dugu aurten».

Pottokak, betizuak, sasi-ardiak, euskal oiloak,
txerriak, astoak, untxiak...

Iradik dio, azokaren helburuetako bat bertako nortasuna duten espezieak biltzea izan dela, «Hernanin aukera badagoela ikusita. Hernanik zeresan haundia izan du beti. Adarramendin, esaterako, betizuak, pottokak, sasi-ardiak... hau da, galtzorian egon diren espezieak mantendu dira eta horiek ekarri nahi izan ditugu». Beraz, aipatuta­ko espezie horiek ez dira azokan faltako.  
Horiez gain, akuriak, un­txiak, abereak, ardi latxak, idiak, txerriak eta abar ere izango dira ikusgai. Eta nola ez, bi hankatako animaliak ere ez dira faltako: euskal oiloak. Bost barietatetik lau izango dira gaur Tilosetan: leposoila, marraduna, zilarra, eta beltza. Horiek ere, bertakoak.
Etxeko txikienak ere kontutan izan dituzte azoka prestatzerako orduan, eta hauentzako erakargarriak izan daitezkeen animalia txikiak ere izango dira bertan. Hau da, animalia gehienak bere kumeekin egongo dira, hala nola, astoa astokumearekin, oiloa txitekin, behia txahalarekin edota pottoka, po­ttoka kumearekin.
Azkenik, beste berezitasun bat ere izango du gaurko abere azokak: eskoziako behiak. Iradik azaldutakoaren arabera, Santa Barbara inguruan Highland arrazako behi eskoziarrak dituzte hernaniar batzuk eta hori aprobetxatuta, azokan jarriko dituzte ikusgai. Behi hauek oso ile­tsuak izaten dira eta baldintza gogorretara ohituak.

Eskerrak, baserritarrei
Azokan ikusgai jarriko diren animalia guztiak Her­nani­ko­ak dira. Iradik azaldu duenez, gisa honetako azoka egitearen ideia primeran hartu dute, eta eskatutako guztian lagundu dute. Guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiete.

Antzinako jokoak eta karrozaren irteera, eguneko beste bi ekitaldi nagusiak
ABERE feriaz gain, asko dira gaur egun osoan zehar Eus­kal Jaiez gozatzeko antolatu dituzten ekitaldiak; horietako bi, aintzinako jolasak eta karrozaren irteera dira.
Aintzinako jokoen ekitaldia izango da lehendabizi, 11:30etan, Tilosetan, eta bi txan­datan jokatuko da. Txan­da bakoitzean, herriko neska eta mutilez osatatuko bi talde arituko dira lehian. Aurrenekoa umeena izango da, eta bertan ondorengo jokoak egingo dituzte: lo­kotx biltzea, marmitak eramatea, zaku karrera, kontrabandista, zirrindola laisterra eta sokatira. Segidan, helduek hartuko dute erreleboa, ondorengo jokoekin: lokotx biltzea, marmitak eramatea, kontrabandista, erropa garbitzea, suilandunen laisterra eta sokatira.
Karroza berriz, 12:30etan aterako da Gudarien plazatik, eta ibilbidea ondorengoa izango da: Gudarien plaza, Kardaberaz, Plaza Berri (dantza), Zinkoenea, Izpizua, Urbieta (dantza), Txirrita (dantza), Zinkoenea, Na­gusia, Plaza Berri (dantza), eta azkenik, Gudarien plaza. Bukaeran dantza egingo dute metaren inguruan.

EGITARAUA:

Irailak 17, larunbata:

10:00 Abere azoka
Tilosetan.
10:30 Sendabelarren erakusketa.
11:00 Erraldoi eta
buruhaundiak.
11:00 Taloak Iturriaga kalean.
11:30 Antzinako jokoak Tilosetan.
12:00 Herri kirolak Tilosetako frontoian.
12:00 Txakolin probaketa Iturriaga kalean.
12:30 Karrozaren irteera Gudarien plazatik.
12:30 Triki poteoa.
14:30 Herri bazkaria Atsegindegin.
17:30 Incansables txaranga.
18:00 Haurrentzako tailerrak udaletxeko arkupetan.
22:00 Bertso banda Milagrosan.

Irailak 18, igandea:

Diana Txistularien Bandarekin
10:00 Sagarraren eta sagardoaren eguna Gudarien plazan.
11:30 Pelota partiduak Tilosetan.
12:00 Trikitixa Txapelketa Gudarien plazan.
12:30 Kalez Kale Kantari.
19:30 Ezpeletako taldearekin erromeria Plaza Berrin.
*Udalak elkarte hauekin lankidetzan antolatu du egitaraua: Sendabelarren elkartea, Kriskitiña dantza taldea, Santa Barbara elkartea, Hernaniko talogileak, San Joan Konpartsa, Gazte Asanblada, Kaxko auzo elkartea, Musika Banda, Bertso Eskola, Txistulari Banda, Tolarea Sagardo Naturalaren kofradia, Pelota elkartea, Kantuz eta Ozenki abesbatzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!