MUSIKALKI orain arte eskaini ez den emanaldia ikusteko aukera izango da larunbatean Milagrosa kanpoaldean, musika eta bertsoa uztartzen dituen Bertso Band saioa. Euskal Jaiak eta 150garren urteurrena aitzaki hartuta, Hernaniko Musika Bandakako kideak emanaldi berezi eta esperimental bat antolatzeko lanetan aritu dira azken asteetan, eta horren ondorioa izango da larunbatean eskainiko duten Bertso Band-a. Emanaldia gaueko 22:00etan hasiko da, eta euria egingo balu, Milagrosa kanpoaldean egin ordez barruan egingo lukete. Ostolaza Musika Bandako kideak Kronikari azaldutakoaren arabera, hasieratik garbi izan zuten Bertso Eskolarekin egin nahi zutela zerbait: «berezia izatea nahi genuen, euskaldunagoa. Euskal Jaietan bailableak jo izan ditugu orain arte, eta urteurrena aitzaki gisa aprobetxatu dugu. Bertso Eskola bezelako kolektibo garrantzitsua herrian izanda, etekina ateratzea erabaki genuen. Bertso Band emanaldia esperimentu gisa hartu dugu biok, eta bai bertsolarientzat eta bai guretzat aurreneko aldia izango da. Momentuz, bi herritan bakarrik eskaini izan da antzeko ekitaldiren bat, Lekeition eta Errenterian».
Bederatzi bertsolari
eta Musika Banda osoa
Bertso Eskolako bederatzi bertsolarik hartuko dute parte emanaldian, hala nola, Rezolak, Osak, Azpirozek, Lasartek, Mendiluzek, Urdangarinek, Minerrek, B. Gaztelumendik eta U. Agirrek. Musika Bandak berriz, ordezkaritza osoa izango du, kide diren 40 lagun inguruk hartuko baitute parte.
Bakoitzak, bere zailtasunak
Bi taldeek, bai bertsolariek eta baita musikariek ere, euren eguneroko ohiturak moldatu behar izan dituzte emanaldira egokizeko. Ostolazak adierazitakoaren arabera, bertsolariek Musika Bandak pasatako doinuetara moldatu behar izan dituzte bertsoak: «eurentzat ez da erraza izan guk pasatako doinuen arabera egitea eta egokitzea bertsoak. Ez daude erritmo eta doinu zehatzetan kantatzera ohituta, eta gurekin abesten dutenean hori mantentzea ezinbestekoa izango da; hor dago euren zailtasunik haundiena».
Musika Bandaren kasuan, lanik haundiena abestiak moldatzea izan da. Ostolazak dioenez, orain, zailena bertsolariekin ondo koordinatzea izango da: «bakoitzak bere aldetik ondo eta gogor entsaiatu dugu, eta orain, bi taldeak elkarrekin entsaiatzeko garaia iritsi da. Gaur eta bihar batera entsaiatu, eta larunbaterako dena prest izango da».