EGURALDI apartak lagunduta, Kontxako Badiako Itsas Zeharkaldia igeriketa proban hartu zuten parte Hernaniko 10 igerilarik larunbatean. Askorentzat itsaso zabalean aritzen ziren aurreneko aldia izan zen, baina Ibarburu eta Tolosa igerilari hernaniarrek ez zuten traba askorik aurkitu, biek domina eskuratu baitzuten.
Mitxelena, Esnal, Goikoetxea, Egiazabal, Iglesias, Arribillaga, Tolosa, Ibarburu, Vazquez eta Alkorta izan ziren zeharkaldian parte hartu zuten igerilariak. Aurreneko seiak 2.200 metroko frogan aritu ziren, eta azkeneko lauak infantiletan hartu zuten parte, 750metroko frogan.
Nagusiak ondo aritu baziren ere, igerilari hernaniarrek azken maila honetan eskuratu zituzten emaitzarik onenak. Iñigo Ibarburuk, mutilen proban, 8 minutu eta 31 segunduko denbora eginda lortu zuen bigarren postuan helmugaratzea. Itsaso Tolosak berriz, nesketan hartu zuen parte, eta 10 minutu eta 18 segunduko denbora eginda eskuratu zuen hirugarren postua.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!