Euskal jaiekin bat egin eta Sagarra eta sagardoaren festa ospatuko dute aurten ere Hernanin. Igandean izango da zertaz gozatu Plazan, goiz pasa ederra egiteko aukera jarri baitute sagarraren mundua gustuko dutenentzat, edo ezagutu nahi dutenentzat: dastaketa, erakusketa, biltzeko prozesua eta sagardoa nola egiten den erakutsiko dute.
Sagarra eta sagardoaren festaren hamaseigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohi bezala, festa antolatu duten hainbat ordezkarik aurkeztu zuten herenegun Xalaparta elkartean; bertan izan ziren sagardogile batzuk eta Tolare, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren kofradiako hainbat kide.
Sagar erakusketa,
festaren hasieran
Festa giroa Hernaniko Txistulari bandako kideek lehertaraziko badute ere, sagarraren munduan barneratzeko lehenengo aukera 10:30etan izango da. Sagarraren inguruko bi erakusketa jarriko dituzte: bat, Zabalo-enea baserriko Manuel Iradik jarriko du; eta bestea, Erroxali baserriko Mari Carmen Urangak. Horiez gain, Diputazioak utzitako sagarrekin ere jarriko dute beste erakusketa bat.
Ikustetik probatzera
pasatzeko ordua, eguerdian
Sagarrak ematen duen gauzik preziatuenetakoa izaten da sagardoa, eta hori ere ez da faltako igandean. Hernaniko 12 sagardotegik jarrita, 1.800 sagardo botila inguru izango dira herritarrek dastatzeko: Itxasburu, Goiko-Lastaola, Otsua-enea, Elorrabi, Zelaia, Altzueta, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Akarregiko sagardoak izango dira.
Sagardo basoa 4 euroan izango da eskuragarri, eta behin erosita, nahi adina sagardo probatzeko aukera izango da. Eta opari, pintxoa ere emango dute: hirugiharra, txorizoa...
Bi erakustaldi,
festa eguna bukatzeko
Sagarra eta sagardoaren festa bi erakustaldirekin bukatuko da aurten ere. Lehendabizi sagarra nola biltzen den ikusteko aukera izango da, prozesu guztia erakutsiko baitute 12:00etan hasita. Eta ondoren, 12:30etan, Barkaiztegi baserriko Joxe Mari Irizarrek sagardoa nola egiten den erakutsiko du.
Kizkiarekin zeinek gehiago bildu, datorren urtean
Kizkia festa ospatuko dute urriaren 1ean Goizuetan. Helburua, joan den urtean Oiartzunek egindako errekorra hobetzea izango dute: kizkiarekin zeinek sagar gehiago bildu. Herenegungo aurkezpenean azaldu zutenez, datorren urtean erronka Hernanin antolatzeko asmoa dute.
EGITARAUA
09:00 Kalejira Hernaniko Txistulari Bandarekin
10:30 Bi sagar erakusketa: Zabalo-enea baserrriko Manuel Iradirena bat; eta Erroxali baserriko Mari Carmen Urangarena bestea. Beste erakusketa Diputazioak utzitako sagarrekin jarriko dute
11:00-11:30 Sagardo
dastaketa
12:00 Sagar biltzearen prozesua erakutsiko dute
12:30 Barkaiztegi baserriko
Joxe Mari Irizarrek
sagardoaren elaborazio
prozesua erakutsiko du