Euskal Jaiak datorren asteburuan, bertako ganadu eta bertso bandarekin, besteak beste

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 9a, 02:00

«Euskal Jaiak duela 2 urte berreskuratu ziren gogorarazteko orain dela 100 urteko bizimodua nola zen, eta azken bi urteetan izan duten arrakasta ikusita, herritarren partehar­tzea haundia baita, aurten ere Euskal Jaiak antolatu ditugu», azaldu zuen atzo prentsaurrean Luis Intxauspe Hernaniko alkateak. Hain zuzen, datorren asteburuan, hau da, irailaren 17 eta 18an izango dira.
Udalak Hernaniko 14 talde ezberdinekin erkarlanean antolatu du egitaraua. Egitarau zabala, inondik ere. Besteak beste izango dira: abeltzaintza azoka, sendabelarren erakusketa, taloak, herri kirolak, herri bazkaria, sagardo eguna, pelota, dan­tzaldia... Eta aurten gainera, berezitasunak izango dira: bertako ganadu espezieak azokan, eta bertso banda. Hernaniko eta inguruko po­ttokak eta betizuak izango dira, esaterako. Horrez gain, panel informatiboak izango dira azokan, eta animaliak kumeekin ekartzen saiatuko dira.
Bertso bandari dagokionean, Musika Banda 150garren urteurrena ospatzen ari da aurten eta hori dela eta, Bertso Eskolarekin elkarlanean emanaldi berezia prestatzea erabaki du. Bertso musikatuak eskainiko dituzte. Garai batean Bertso Eskolan ibilitako bertsolariek hartuko dute parte: Estitxu Eizagirre, Aitor Mendiluze, Unai Agirre...

Ekintzetan parte hartzeko gonbitea
San Joan Konpartsak eta Kax­­ko auzo elkarteak karroza antolatu dute eta gonbitea luzatu zuten atzo, parte hartu nahi dutenak azaltzeko, larunbatean 12:00etan udaletxeko plazara, baserritarrez jantzita. Horrez gain, meta bat nola egiten den ikusteko aukera izango da.
Kantuz abesbatzakoak, berriz, kalez kale kantuan ibiliko dira eta eskuorriak banatuko dituzte abestiekin.
Gazte Asanbladak herri bazkaria antolatuko du eta bertatik dei egiten diete herritarrei parte hartzeko eta egunari jarraipena emateko giro ederrean. 250 lagunentzat izango da lekua. Txartelak salgai daude Garin, Oindi eta Aralar tabernetan, 15 euroan.
Hernaniko Anastasia Leun­da artisauak egindako    barruko arropa eta bitxiak ere izango dira; txakolinari laguntzeko berriz, pintxoak Santa Barbara elkartearen eskutik; Kriskitiña dantza taldeak erraldoi eta buruhaundiak antolatuko ditu larunbatean eta Trikitixa Txapelketa igandean... Udalak eta talde guztiek ekintzetan parte har­tzeko dei egiten diete herritarrei eta baita baserritarrez jantzita ateratzeko ere.

EGITARAUA:

Irailak 17, larunbata:

10:00 Abeltzaintza azoka Tilosetan.
10:30 Sendabelarren erakusketa.
11:00 Erraldoi eta
buruhaundiak.
11:00 Taloak Iturriaga kalean.
11:30 Antzinako jokoak Tilosetan.
12:00 Herri kirolak Tilosetako frontoian.
12:00 Txakolin probaketa Iturriaga kalean.
12:30 Karrozaren irteera Gudarien plazatik.
12:30 Triki poteoa.
14:30 Herri bazkaria Atsegindegin.
17:30 Incansables txaranga.
18:00 Haurrentzako tailerrak udaletxeko arkupetan.
22:00 Bertso banda Milagrosan.

Irailak 18, igandea:

Diana Txistularien Bandarekin
10:00 Sagarraren eta sagardoaren eguna Gudarien plazan.
11:30 Pelota partiduak Tilosetan.
12:00 Trikitixa Txapelketa Gudarien plazan.
12:30 Kalez Kale Kantari.
19:30 Ezpeletako taldearekin erromeria Plaza Berrin.
*Udalak elkarte hauekin lankidetzan antolatu du egitaraua: Sendabelarren elkartea, Kriskitiña dantza taldea, Santa Barbara elkartea, Hernaniko talogileak, San Joan Konpartsa, Gazte Asanblada, Kaxko auzo elkartea, Musika Banda, Bertso Eskola, Txistulari Banda, Tolarea Sagardo Naturalaren kofradia, Pelota elkartea, Kantuz eta Ozenki abesbatzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!