Aurten ere izango da apustu eta saltsa Zikuñagako Jaietan. Izan ere, iazko arrakasta ikusita, harri proba izango da larunbatean, Euskal Probak egunaren barruan. Berez, iaz bezala, 8 gizon eta Asteasuko Olarrea Goikoa baserriko Taito zaldia neurtuko dira, 560kg-ko harriarekin. Apustua honakoa izango da: baietz gizonek, zaldiak egindako plazen erdia eta bat gehiago egin. Gizonek 10 mintuko 2 tanda egingo dituzte eta zaldiak 20 minutuko tanda bakarra. Iaz, auzotarrek irabazi zioten zaldiari. Zaldiak 75 plaza egin zituen; auzotarrek, berriz, 76 (berez 38, baina doble kontatzen zuten, aurrez hala erabakita). Dena dela, emakumezko talde bat agertuko balitz, apustua beraien kontra izango litzateke eta antolatzaileek auzoko neskak animatu nahi dituzte parte hartzera. Proba arratsaldeko 17:30etan hasiko da.
Ahariak eta zalditxoak
Euskal Probetako ekintzarik nagusiena harri proba izango bada ere, beste hainbat ekintza ere izango dira. Eguerdiko 13:00etan, esaterako, aharien erakustaldia izango da: Asteasuko Joxe Barriolaren ahariak izango dira. Ondoren, berriz, umeentzako zalditxoak izango dira, Jose Antonio Arruti asteasuarrak ekarriak. Horrez gain, 12:30etatik aurrera, sagardo probaketa izango da.
Euskal Probak larunbatean
12:30 Sagardo dastaketa.
13:00 Ahariak. Erakustaldia. Joxe Barriola asteasuarra.
Ondoren, umeentzako zalditxoak. Jose Antonio Arrutia asteasuarra.
17:30 Euskal Probak:
II. Harri proba: gizonak zaldiaren kontra.
Apustua: Baietz gizonek, zaldiak egindako plazen erdia eta bat gehiago egin.
Tandak:
- Gizonek, 10 minutuko 2 tanda.
- Zaldiak, 20 minutuko tanda bakarra.
Harria: 560kg.
Aitor, Olarrea Goiko
baserria, Asteasu.
Zaldia: Taito.
*Emakumezko talde bat agertuko balitz, apustua beraien kontra izango
litzateke.