Hernaniarrek protagonismo berezia izango dute aurtengo Zinemaldian

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 8a, 02:00

Zine zaletuen gozamenerako, hastear da Donostiako Zinemaldia. Hain zuzen, irailaren 16an hasiko da eta 24ra arte izango da zabalik. Eta aurtengo edizioan, hernaniarrek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, alde batetik, Azken bidaia (El último paso) dokumentala estreinatuko dute Zinemira sailean, euskal zinemari eskaintzen zaion sailean. Comete Sareari buruzko dokumentala da eta lau hernaniarren fruitua da, besteak bes­te. Hain zuzen, Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzendua da eta Moztuk, Donos­tian dagoen ikus-entzunezko enpresak ekoitzia, Offword (Belgika) eta AMO films (Frantzia) produkzio etxeekin batera. Moz­tuko langileak dira Telleria, Goikoetxea eta baita Inesa Aristimuño hernaniarra ere. Horrez gain, filmerako musika egin duena Joxan Goikoetxea hernaniarra izan da. Goikoetxea Musika Eskolako zuzendaria da eta Florentino Goikoetxea mugalariaren iloba. Bestetik, Elias Querejeta hernaniarrari Zinemira Saria emango diote irailaren 21ean. Zinearen historian egindako lanagatik emango diote saria, Victoria Eugenia antzokian. Elias Querejeta zine zuzendariak 59 pelikula egin ditu, 21 sari jaso ditu, eta 19 aldiz omendu dute, lan zinematografikoengatik. Horiez gain, Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarra ere ikusi ahal izango da pantaila haundian. Bertsolari, Asier Altuna bergararrak zuzendutako dokumentalaren barruan agertuko da Euskal Herriko txapelduna, beste hainbat bertsolarirekin batera. Filma Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztuko dute eta ez du lehiaketan parte hartuko.

Comete Sareari buruzko dokumentala
Azken bidaia dokumentalak II. Mundu Gerrari buruz oso gutxi ezagutzen den gertakizuna kontatzen du: Reseau Comète ihes-lerroa (Comete Sarea). Frantziako, Belgikako eta Euskal Herriko boluntarioek sortu zuten, etsaien mugen atzean lurreratu zituzten pilotu aliatuak, naziek okupatutako Frantziatik ateratzeko. Iurre Telleriak, Florentino Goikoetxea izeneko kontrabandista hernaniarraren berri izan zuen behin. Esaten zutenez, baserritar hura, Erre­su­ma Batuan ibilia zen II. Mun­du Gerra ostean eta Bu­ckin­gham Palacen, Ingalaterrako erregeak kondekoratua izan omen zen. Beranduago jakin zutenez, Florentino erresistentziarentzat lanean aritu zen II. Mundu Gerran, Comete Sarearen barruan. Handik abiatuta sortu dute dokumentala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!