Adin guztietarako ekintzez beteta datoz Zikuñagako Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 8a, 02:00

Festak amaitu bezain laster edo oraindik amaitu gabe daudenean, datorren urteko ekin­tzak zein izango diren pentsa­tzeari ekiten diote Zikuñaga auzoko Jai Batzor­deko kideek. Aurtengoan haurrentzako egun bat izateaz gain, kontzertuak, danborrada, helduentzako txapelketak eta auzoan ohitura bihurtu diren sagardo dastaketa eta tortilla lehiaketa ere izango dituzte, besteak beste. Aurten, lau eguneko festak izango dituzte, Zikuñagako Amabirjinaren eguna, irailaren 8a, hau da, gaur delako. Arrazoi hori medio, festak beragatik ospatzen dituztenez, gaur hastea erabaki zuten. Lehen mezak eta erromeriak egiten ziren, eta jada egiten ez direnez, Amabirjin egunean hastea ideia ona zela pentsatu zuten batzordeko kideek.

Gaur, haur eta helduentzako pilota txapelketa
Gaur, 16:00etan, haurrentzako sorpresatxo batekin ekingo diote festari. Buruhandietan inoiz egin ez duten zerbait egingo baitute, oraindik kontatu ezin dena. Ondoren, 17:00etan, haurrentzako pilota txapelketa egingo dute aurreko urteko moduan: «Haurrak gustura aritu ziren eta Asier Olaizola pilotaria etorri zen gu lagun­tzera, horrek bizitasuna eman zion. Aurten ere gonbidapena luzatuko diogu, ea azaltzeko aukera izaten duen», dio Jai Batzordeak. Aurten gainera, haurren­tzako txapelketaz gain, helduentzako ere egin nahi dute eta jendea animatzea espero dute. Arratsaldean helduen­tzako futbito txapelketa izaten da, bertan nahi duenak parte hartzen du eta partiduaren une berean egiten dituzte taldeak. Normalean lau talde inguru osatzen direnez, semi-final modukoak egiten dira.

Haurren eguna, bihar
Haurrentzako eguna izango da bihar. Eurak izango dute protagonismo osoa arratsaldeko 18:30ak bitartean. Goizean jokoak, graffitiak eta puzgarriak izango dituzte. Eta arra­tsaldean buruhandiak, tailerrak eta Martutene taldearen aurkako futbito partidua. Horren ostean, lehenengoz, danborrada egingo da auzoan eta ondoren, DJ Txus arituko da gaua girotzen.

Ekintza ugari, larunbatean
Urteroko moduan tortilla lehia­keta eta sagardo dastaketa izango dira goizean. Arratsaldean, 15:30etan, Ura­­ren guda egingo dute. Ber­tan auzotar gehienek parte har­tzen dute eta helburua beste guz­tiak bustitzea izaten da. «Mo­mentu horretan Zikuñaga auzotik pasatzen den oro etxera bustita iristen da», dio Jai Ba­tzordeko kide den Harkaitzek. Azken urteetan irrintzi lehiaketak garrantzia handia hartu du auzoan, azken hiru urteetan irabazlea pertsona bera izan delako eta auzotarrak titulu hori kentzen saia­tzen direlako. Eguna amaitzeko, urtero be­zela, kontzertuak izango dituzte: Aurtengoan, Her­na­niko Pan­­de­­mia eta Tolosako Potentor talde heavyak arituko dira.

Pilotako finalak, igandean
Igande goizean, haurrentzako marrazki txapelketa izango da. Azken urteetan agertu diren haur guztiak kontutan hartuta lehiaketa hiru mailatan bana­tzea erabaki dute, haur gehiagok saria lortzeko. Irabazleen sariaz gain, parte-hartzaile guz­tiek diploma bat jasoko dute. Egunean zehar bote, igel eta toka txapelketak izango dira haur eta helduentzat. Ondoren, esku pilotako finalak, merienda auzotarrentzat, eta amaitzeko, zezensuzkoa.

ZIKUÑAGAKO JAIAK-EGITARAUA

Irailak 8, osteguna - Zikuñagako Amaren Eguna:
16:00 Buruhaundiak
17:00 Esku Pelota
txapelketa haurrentzat, finalerdiak
Ondoren, helduen
txapelketa
20:00 Futbito Txapelketa, finalerdiak

Irailak 9, ostirala - Umeen Eguna:

10:00 Haurrentzako jokuak
10:00 Graffitiak
12:00-14:00 Puzgarriak
16:00-18:00 Puzgarriak
16:00 Buruhaundiak
16:00-18:30 tailerrak
18:30 Haurren Futbito partidua: Zikuñaga F.T. / Martutene K. E.
20:00 Danborrada
23:30 DJ Txus

Irailak 10, larunbata:
12:00 Tortila Lehiaketa
12:30 Sagardo probaketa
15:30 Urarekin gerra
17:30 Euskal probak
19:00 Txokolatada
19:30 Futbito finala
21:30 Afari herrikoia
23:30 Irrintzi Lehiaketa
00:00 Kontzertuak: Pandemia eta Potentor

Irailak 11, igandea:
11:00-13:00 Marrazki Lehiaketa
11:30 Bote, igel eta
toka txapelketak
haurrentzat
17:00 Bote, igel eta
toka txapelketak
helduentzat
18:00 Esku pelota finalak
20:00 Merienda
auzotarrentzat
21:00 Zezensuzkoa eta jaien amaiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!