Danbor joka, Zikuñagako auzotarrak

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 8a, 02:00

Danbor eta barrilen soinua izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Ostiralean, irailaren 9an, Zikuñagako auzoa zeharkatuko du lehenengo aldiz danborradak. Bizilagun batek ideia izan zuen, Andoaingo elkarte batek barril eta danborrak utzi zizkien eta 35 auzotarrek parte hartzeko gogo eta ilusioa azaldu zutenez taldean aterako dira guztiak. Parte-hartzaile gehienak auzokoak dira, eta kanpoko jendea badago auzotarrekin harremana dutelako eta festetara beti joaten direlako izaten da. Hamar danborra jotzen arituko dira eta beste guztiek barrilen ardura izango dute. Auzoaren hasieran, papergintzako enpresa dagoen erro­tondaren inguruan hasiko da ibilbidea, beheko errotondaraino jetsiko dira taldean musikaz lagunduta, tartean geldi-une bat egingo dute eta bertan zenbait abesti joko dituzte. Horren ostean auzoan sartuko dira eta hiru geldi-une egingo dituzte: bata auzoaren hasieran, bestea erdi aldean eta azkena amaieran. Bederatzi abesti inguru izango dira bidean joko dituztenak eta geldi-une bakoitzean bi edo hiru. Guztiak Do­nos­tiako danborradako piezak izan­go dira. «Datorren urtean ideia honekin jarraitzen badugu, Hernaniko Martxa eta Etxe­berriko Martxa jotzeko asmoa dugu. Eta zergatik ez, Ziku­ñagarako bat asmatzekoa ere!», diote Jai Batzordeko kideek.


Adin guztietako auzotarrak, ekintzaren parte

12 urteko gaztetxoek joko dute eta baita 50 urte inguruko jendeak ere, hau da, adin guztietako pertsonak arituko dira. Andoaingo elkarteak hel­duen­tzako danbor eta barrilak utzi zizkien eta haurrentzako ez dituztenez ho­riek bidean lagunduko di­tuz­te soilik. Euren danbor eta barrila dituzten haurrek jotzeko aukera izango dute eta ez dutenek ere bidea danborjoleekin egingo dute baserritarrez jantzita. Guztiek buruan baserritarren txapela, lepoan zapi bel­tza, eta galtza bakeroak jantziko dituzte. Horrez gain, barrilak kamiseta zuriarekin, danborrak gorriarekin eta zuzendaria kamiseta berdearekin.


Hiru entsaio astean

«Hasieran akats asko egiten zituzten, baina pixkanaka hobetuz joan dira guztiak», dio danborradaren zuzendariak. Jendeak gogoz eta seriotasunez hartu du ekintza, eta ahal duten entsaio guztietara agertzen dira. Abuztuaren 16tik aurrera astean ordubete inguruko hiru entsaio egin dituzte. Oso giro ona dago, apuntatu den jendeak ekintzan parte hartu nahi duela eta danborra edo barrila jo nahi duelako apuntatu da, eta hori da antolatzaileentzako gauza garran­tzitsuena.


Lehen aldiz haurrentzako futbito txapelketa

Bestetik, aurtengo berrikun­tza izango da haurren futbito partidua. Auzoko haurrekin talde bat egin dugu eta hauek Donostiako Martutene auzoko haurren aurka jokatuko dute. «Lagun bat Martute­ne­ko 12-13 urte inguruko haurren entrenatzailea da eta be­rekin solasean proposamen hori egin nion», dio Jai Batzordeko Harkaitzek. Baina auzoko haurrak adina ezberdinekoak direnez, 8-13 urte inguruko neska-mutila bildu dituzte. Entrenamenduak egiten aritu dira, denek jokatu behar dutela erakusteko asmoz. Ostiralean 18:30etan izango da partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!