«Sagarra lurrera erortzen ari da dagoeneko eta eusko labeleko sagardoa nahi baldin bada, biltzen hasi behar da»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 7a, 02:00

Ordiziko feria berezian izango da gaur Manu Iradi sagar eta fruta ekoizle hernaniarra. Fruitu Lehiaketan hartuko du parte. Urteak daramazki parte hartzen eta gehienetan irabazi izan du, iaz bezala. Aurten lehia gogorra izango dela dio. Sagarrari buruzko azalpenak ere eman dizkio Kronikari.

Ordiziako Euskal Jaietako azoka bereziaren barruan egiten den Fruitu Lehiaketan hartuko duzu parte, beste behin. Aurten ere irabazteko asmoz?
Aurten borroka gogorra izango da, izan ere, urte ona da. Uztailan euri asko egin du eta bai sagarrak eta baita fruta guztiak orokorrean, oso itxura ona, sanoa, kalibre ede­rra... dute. Gainera azoka honetara fruta onenak eramaten dira, bildu berriak. Postu ederrak izaten dira eta konpetentzia fuertea izango da.

Zer fruta eramango dituzu eta zenbat barietate bakoitzetik?
Batez ere, sagarra eta udarea. Gero, pikua, irasagarra, urra... Sagarretan, 35 bat mota ezberdin eramango ditut eta udaretan 10 bat. Denera, 50 bat barietate ez­berdin.

Halako lehiaketetan zer da kontuan hartzen dutena?
Kantitatea, barietatea, itxura onekoa den, sanoa den, garbia dagoen... Eta batez ere, jartzeko era. Postuak oreka duen asko begiratzen dute.

Lehiaketan parte hartzeko, noiz hasten zarete dena prestatzen? Ze pauso ematen dituzue?
Azken finean lehiaketa da eta azokara frutarik onenak eraman nahi dituzu, azken mo­mentuan bildutakoak, baina heldutasunaren arabera bildu behar dituzu. Esaterako, San­pedro sagarra eta Sanjuan sagarra aspaldi heldu ziren eta kamaran dauzkat gordeta. Bildu ondoren, banaka ba­naka trapua pasatzen diet, briloa ateratzen diet. Horrez gain, kontuan izan behar dira, xestoak, apaingarriak, mantelak... Gero, berezitasun bezala, telebista jarri nuen orain dela 2 urte. Bertan ikusi daiteke sa­garraren prozesu guztia, hau da, kimaketa, adarrak nola txikitzen diren ongarritarako, bakantzea, bilketa, sal­men­ta... Eta sagardotarako sagarrekin, kamioiak sagarrez betetzen ere ikusten dira. Jen­de asko geratzen da begira.

Eta aurtengo lehiaketarako zerbait berririk prestatu al duzu?
Bai. Sagarrak eta udareak zintzilik jarriko ditut pitarekin. Adarrak beren fruta bertan dutela ere jarriko ditut.

Lehia gogorra izango dela esan duzu. Asko al zarete lehiaketan parte hartzen duzuenak?
Egia esan, ez, eta gero eta gutxiago gara, ez baita erraza. Denera 7 bat postu izango gara. Gabirian izaten dira lehiakide asko, Goierri aldean, orokorrean. Bizkaitarrak ere etortzen dira.

Eta frutak bakarrik ez...
Perretxiku erakusketa ere jarri behar dugu. Hiruren ar­te­an jartzen dugu eta hor ibi­li gara hara eta hona. Hemen gutxi dago eta iaz, Bartzelo­na eta Huescara joan ginen. Aurten Lleida eta Huescara, Pirineotara.

Sagarrari dagokionean, zer moduzko urtea da aurtengoa?
Sagarra bi urtetik behin izaten da eta aurten ez da sagar urtea. Baina ondo kontu egindako sagastiek ia urtero ematen dute eta hemen, kostaldean, sagarra bada. Gaine­ra, ale ederra, ona, euria bere neurrian egin baitu. Hori bai, aurten denak datoz 2-3 aste lehenago, udaberrian lehenago hasi baitzen lorealdia. Horren ondorioa: sagardoa egiten lehenago hasi behar dela eta sagarra biltzen hasi behar dela dagoeneko. Sagarra lurrera erortzen ari da jada, helduta dagoelako. Eta eusko labeleko sagardoa nahi baldin bada, hemengo sagarrarekin egin nahi bada, biltzen hasi behar da, bestela ez da sagar sanorik geratuko.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!