Sanmarko Mankomunitateko eraketa berria arautu zen atzo eta taldea osatuko dutenen berri eman zuten. Beñat Amenabar Hernaniko zinegotzia, mankomunitateko lehendakaria izango da eta Nerea Sanchez Lasarteko zinegotzia, lehendakari ordea. Andoni Gartzia Astigarragako alkatea, berriz, diruzaina izango da. Horrez gain, konsorziorako ordezkariak Beñat Amenabar, Nerea Sanchez eta J.M. Rivadeneyra izango dira. Biosanmarkoseko ordezkariak, berriz, Beñat Amenabar eta Nerea Sanchez.
Hondakinak atalka biltzea, ezinbestekoa
Taldeak azaldu zuen, aurreko ordezkariek hiri hondakinen arazoari heldu eta urteetan emandako gestio eredu okerra agerian jartzeaz gain, ingurumena eta herritarren osasuna errespetatzen duen eredu alternatiboa bultzatu zutela eta beraien betebeharra, aurrekoek emandako urratsa sendotu eta zabaltzea izango dela. «Oso argi daukagu hiri hondakinen arazoa konpontzeko zer egin behar dugun: hauek gutxitzeko neurri zehatzak hartu, lehendabizi, eta sortutako hondakinak ahalik eta gehien birziklatu hurrena», azaldu zuten. Eta bide horretan, hondakinak atalka biltzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten: «Hiri hondakinetan ia guztia birziklagarria bada (%90), gaikako bilketarik egokienak erabiltzea izango da gure helburua».
Politika, herritarrekin
Ordezkari berriek gaineratu zuten maiatzeko hauteskundeetan herritarrek argi hitz egin zutela eta konpromiso hori betetzera datozela: «Politika beste modu batera egin nahi dugu, herritarrekin batera. Guztiok sortzen ditugu hondakinak, baina guztiok daukagu arazoaren konponbidea gure baitan, bakoitzaren etxetik hasita. Aukera ederra daukagu politika jauregietatik eta erakundeetatik goitik behera egin ordez, herrietatik eta herritarrekin batera, behetik gora egunero egunero egiteko».