Udako oporrak agurtu eta eskolako lagun berriak, zaharrak eta irakasleak ikusteko eguna iritsi da. Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Hernaniko ia ikastetxe guztietan gaur ekingo diote ikasturte berriari haur eta gazteek. Hain zuzen, Urumean, Elizatxon, Inmakuladan eta Institutuan gaur izango dute lehenengo eguna. Langilen eta Txirritan, bihar hasiko dira. Guztiek goizeko ordutegia izango dute, hasiera batean. Aurten, 2.900 haur eta gazte inguru matrikulatu dira, Hernanin.
Langilen eta Inmakuladan goizeko ordutegia, 16ra arte
Langilen eta Inmakuladan ordutegi jarraian ariko dira irailaren 16ra arte. 19tik aurrera, goiz eta arratsaldez izango dituzte klaseak.
Inmakuladari dagokionean, maila bakoitzean honakoa izango da ordutegia: Haurtzaindegia, hasiera batean, egokitzapenak; ondoren, 08:00etatik 15:00etara. Haur Hezkuntzan, gaurtik 16ra, 09:00etatik 12:00etara. Lehen Hezkuntzan, gaurtik 16ra, 09:00etatik 12:30etara. Eta DBHn, gaur aurkezpen eguna, eta bihartik irailaren 16ra arte, 08:30etatik 12:35etara.
Urumean goizeko
ordutegia, 23ra arte
Urumea ikastolan goizeko ordutegia izango dute Haur eta Lehen Hezkuntzan, irailaren 23ra arte. Goizeko 09:00etan sartu eta 13:00etan aterako dira klaseetatik. Irailaren 26tik aurrera, goizez eta arratsaldez izango dituzte klaseak: 09:00-12:15 eta 14:30-16:30.
Elizatxo eta Txirrita
Elizatxo eta Txirritaren kasuan, goizez izango dira klaseak hilabete osoan. Urriaren 3tik aurrera hasiko dira goiz eta arratsalde.
Institutuan aurkezpen eguna gaur
Hernani Institutuan aurkezpen eguna izango dute gaur ikasleek. DBH 1go mailakoek 10:00etan izango dute aurkezpena eta 2garren mailakoek 10:30etan. Bi kasuetan, Santa Barbarako eraikinean izango da. Elizatxoko DBH 3 eta 4ko ikasleek, 10:00etan egon beharko dute Gabriel Celayan. Urumeako maila bereko ikasleek 11:00etarako azaldu behar dute Urumea Elkanoko eraikinera eta Langilekoek Agustin Iturriagara 10:00etan. Batxilergoko ikasleek, berriz, 12:00etan izango dute aurkezpena Agustin Iturriagan eta Heziketa Ziklokoek, Karmelo Labakan, ordu berean.