arraun zaleek urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa dute gaur eta datorren asteburuan: Kontxako Bandera. Eguerdiko 12:00etan hasiko da hiru arraunlariek parte hartuko duten estropada, eta bi tandatan jokatuko da. Bigarren tandan hain zuzen hartuko dute parte Hernaniko hiru arraunlariek.
Hiru arraunlarietatik bi, jaiotzez, hernaniarrak dira: Arkatiz Goñi eta Oier Iurramendi. Aurrenekoak San Juaneko trainerarekin hartuko du parte, eta bigarrenak Donostiarrarekin. Eta hirugarrena Loiolakoa bada ere, urteak daramazki Hernaniko arraun elkartean entrenatzaile lanetan.
Zortzi talde, bandera bat
Urteroko legez, gizonezkoen estropadan zortzi traineruk hartuko dute parte: zazpik, joan den osteguneko sailkapen proban lortu zuten postua: Astillerok lehendabizi, eta Kaiku, Tiran, Hondarribia, Urdaibai, San Juan eta Pedreñak ondoren. Zortzigarren trainerua Donostiarrarena izango da, urtero estropadan lekua duen arraun taldearena.
Ainhoa Saizar,
gutxigatik kanpoan
Ainhoa Saizar arraunlari hernaniarrak ere hartu zuen parte ostiraleko sailkapen proban, San Juaneko traineruan, baina hiru segundugatik, txapelketatik kanpo geratu ziren. Gaur eta datorren igandean, emakumezkoen estropada 11:00etan hasiko da, eta bietan, lau taldek hartuko dute parte: Getaria-Tolosa, Galizia, Zumaia eta Bizkaiak.