Arkaitz Goñi eta Oier Iurramendi hernaniarrak Kontxako estropadan ariko dira bihar

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 10a, 02:00

1978 urtea izan zen azkenengoa Hernaniko trainerua Kon­txako estropadetan aritu zela. Hurrengo 33 urteetan Hernani ez da sailkatu, nahiz eta urte batzuetan sailkatzetik gertu ibili. Hala ere, beste urte batez arraunlari hernaniarrak arra­un egingo dute igandeko bigarren jardunaldian. Oier Iurra­men­di Donostiarra traineruan ariko da lehengo aldiz Kon­txa­ko Banderan, eta Ar­kaitz Goñi aurten San Juanen jardungo da, bere zazpigarren parte hartzean, Donostiako badian. Gainera, Oierrekin batera, Xabier Zabala Hernani Arraun taldeko entrenatzaileak ere arraun egingo du Kaia­rriba traineruan. Nahiz eta herrian jaioa ez eta izatez donostiarra izan, urte asko daramatza Hernanirekin lotuta, alde desberdinetatik.


Oier Iurramendi: «Nire lehen Kontxan ohorezko txandan aritzea izugarria da»

Lehen jardunaldiak gauzak nahiko argi utzi zituen estropadaren sailkapenari begira, baina oraindik ere gauza asko esan beharrean di­ra traineru guztiak, eta noski, horien artean Donostiarra eta San Juan. Donostiako trainerua bere laugarren postua defendatzen saiatuko da eta Astillero estropadatik kanpo geratzeak me­se­de egin dio postua defenda­tzerako garaian. «Beldur pixkat dugu. Ohorezko txandan atzean geratzen bazara buelta zaila egiten da atzetik datozen ontziek olatuak kentzen baitituzte eta segunduak erraz gal­tzen dira», dio Zaba­lak. Hernaniko entrenatzailearen esanetan, «ez da lehenengo aldia hori gertatzen zaiguna, nahiz eta lehenengo txandan izan». Oier Iurramendik bere lehen Kontxa izango du. «Orain zortzi urte hasi nin­tzen arraunean. Azken hiru urteetan Donostia Bn aritu naiz eta aurten dut lehenengo ur­tea aurreneko traineruan. Izuga­rrizko ilusioa dut eta gainera ohorezko txandan aritzea izugarria da. Ez genuen espero, baina merezi dugu».


Arkaitz Goñi: «Bigarren jardunaldiko irabazlea Kontxako Banderaren garaile morala izango da»

Aurreko igandean estropada ia erabakita geratu zen eta zortzi traineruen artean kaltetuena, ezbairik gabe, sanjuandarra izan zen. Bigarren txanda madarikatuan eta lehendabiziko kaletik egin behar izan zuten arraunean. «Urte osoan zorte gabe gabiltza», dio Ar­kaitz Goñik. «Ilusio handia ge­nuen estropadan. Den­bo­ral­dia Kontxari begira prestatu dugu buru belarri eta traineru oso azkarra dugula ba­dakigu. Hala ere ezin izan da hori ikusi suertatu zen giroaren ondorioz. Pena da dena bolatxoen zozketak erabakitzea». Hala ere sanjuandarrak bigarren igandean jardunaldia irabaztera aterako dira. «Gure txanda irabazi behar dugu lehendabizi. Bigarren jardunaldiko irabazlea aurten Kontxako garaile morala izango da nolabait esateko».

Ainhoa Saizar nesketan aritu da

Aurtengo Kontxako estropadak badu berezitasun bat eta hori nesken bi igandeetako partehartzea da. Zumaia, Ga­li­za eta Getaria-Tolosa, bost se­gunduren barruan daude eta edozer gerta daiteke. Zoritxa­rrez ez da hernaniarrik ariko, baina Ainhoa Saizar oso gertu geratu da bertan egotetik, San Juaneko traineruarekin. Sailkatze estropadan ziabogan trabaturik geratu ziren eta bertan galdutako segunduen on­dorioz, Bizkaia traineruak aurre hartu zien. «Sekulako pe­na daukagu. Baliza gaizki jarri zuten antolatzaileek. Soka bat suelto zegoen eta bertan trabatuta geratu ginen. Aurretik gindoazen eta segundo mordoska galdu genituen. Hamar segundo atzetik irten ginen ziabogatik eta sailkatzetik bi segundura geratu ginen. Egin genuen estropada eta lanarekin gustora gaude, baina pena handiz antolaketa akats bategatik kanpoan geratzeagatik», dio Ainhoak. Igandekoari begira ez da ausartzen garaile bat ematera, baina itsaso zakarrarekin zu­maiarrak oso arraunlari finak direla dio. «Hiru traineruak dira indartsuak eta nahiz eta printzipioz galizarrak eta Getaria-Tolosako neskak faboritak izan, zumaiarrekin kontuz itsasoan». Ainhoa Hernanin aritzen da batel denboraldian eta trainerilak eta traineru estropadak San Juanekin jokatzen ditu. «Izu­ga­rriz­ko denboraldi ona egin du­gu eta gustora geratu gara. «Trai­neriletan Euskadiko txa­pel­ketan bigarrenak eta Es­pai­ni­koan hirugarrenak ge­ratu gi­nen. Traineruan, Euskadin hi­­ru­­garrenak eta Espainian lau­ga­rrenak. Zarautzerako ere sail­ka­tu ginen. Egia esan den­bo­raldia ona izan da eta gustora geratu naiz egindako lanarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!