ez dago geldituko duenik. Erremonteko mitoak bizirik jarraitzen duela erakutsi zuen atzo, erakustaldia emanda: 11garren buruz buruko txapela jantzi zuen. Doneztebeko erremontistak 30-22 irabazi zuen finaleko faboritoaren kontra, Miguel Mari Urrutiaren kontra atzo, Galarretan jokatu zen denboraldiko final haundienean. Ezkurrak atzean utzi zituen partidu hasierako pronostiko guztiak, eta partiduak pelotalekuan irabazi behar direla erakutsi zuen, beste behin.
Partidu erdira arte,
Ezkurra nagusi
Koteto Ezkurrak ikuskizuna eman zuen partidu hasieratik: kontzentratuta jokatu zuen, sakeaz ondo baliatu zen, eta tantu batzuk egin zituen jarraian, 6-2 aurretik jarrita. Urrutiak ez zuen partiduan sartzea lortu, eta peloteoan Ezkurrak zuen nagusitasuna agerian geratu zen 14-4ko partzialean. Ondorengo tantutik aurrera etorri zen Urrutiaren erreakzioa, 14-5ekoan. Partidua asko berdindu zen, eta 18-12 eta 22-15 gerturatu zen Saldiaseko erremontista. Ezkurra sake-errestoan huts egiten hasi zen, eta Urrutiaren momenturik onena 22-19 eta 23-20koan iritsi zen, partidua ia berdintzera iritsita. Partiduaren azken txanpan, Ezkurrak horrelako finaletan duen esperientzia agerian utzi zuen, eta sake zorrotzak egin ostean, 27-20 jarri zen aurretik markagailuan. Azken hiru tantoak arazorik gabe egin zituen. Hala, 8 tantuko aldearekin, 30-22ko markagailuarekin jantzi zuen hamaikagarrenez, erremontista guztiek hain preziatua duten txapela: Buruz burukoa.
Azken hamar urteetako sarrerarik onena
Galarretako harmailak leporaino bete ziren atzo, eta askok azaldu zutenez, azken hamarkadako sarrerarik onena izan zen atzokoa.