Berriak Artistekin, hori da Hernaniko Merkatari eta Ostalarien elkarteak eskuartean duen proiektu berria. Ostegunean aurkeztu zuten Biterin, Xpressionk kultur elkartearen kolaborazioarekin. Urritik aurrera artelanak ikusgai izango dira, margoak zehazki, Hernaniko komertzio eta dendetan; hau da, Hernaniko kale eta komertzioak arte galeria bilakatuko dira. Hala, Hernaniko eta kanpoko artistek euren artelanak erakusteko aukera izango dute, eta ekimenak komertzioaren dinamizazioa sustatuko du. Helburua, komertzioa, aisia, turismoa eta kultura bezalako arloak batzea da.
Jende arruntari artea
gerturatzeko modua
Berriakeko ardurandunek azaldu zutenez, komertzio eta dendariek jarrera positiboarekin hartu dute proiektua, eta dagoeneko 35 dira parte hartzea ziurtatu dutenak. Orain, artistak elkartzea da helburua. Horretarako, bai Berriakeko eta baita Xpressionk-eko kideek deialdia luzatu zieten, Hernani eta inguruko artistei, proiektuan parte hartzera.
Xpressionk-eko arduradunak azaldu zuenez, proiektuaren filosofiak bost ardatz ditu: jende arruntari artea gerturatzea; artista ez profesionalei espazioa eskaintzea; formatu txiki eta ertaineko espresio artistikoak normalizatzea; espazio eta artista alternatiboak bilatzea; eta low cost gestio kulturala bultzatzea.
Beste bi herrietan, martxan
Mertxe Jimenez Berriakeko idazkariak azaldu zuenez, Gipuzkoako beste bi herrietan martxan dagoen proiektua da hau, eta bietan gustora daude erantzunarekin: «Zarautzen eta Errenterian egin izan dute, eta bietan oso gustora daude erantzunarekin».
Parte hartzeko oinarriak
1. Partehartzea librea da.
2. Margolanak izan behar dira.
3. Hasieran, artelanen
argazkiak aurkeztuko dira. Artelanek izenburua, neurria eta azalpen txiki bat izango dute. Izen abizena, telefonoa eta helbidea ere eman behar dira. jokin@xpressionk.net helbidera bidali behar dira.
4. Entregatzeko epea: irailak 12.
5. Antolatzaileek egokienak direnak aukeratuko dituzte. Ondoren, merkatariek aukeratuko dute nahi duten obra.
6. Neurri minimoak: 40cm x 40cm. Neurri maximoak: 120cm x 120cm. Obra Salmentan badago, prezioa atzekaldean jarriko da.
7. Jatorrizko lanak aurkeztu eta banatzeko egunak: Irailaren 12tik 30era. Egileak berak
jarriko ditu obrak dendetan, Xpressionk-en laguntzarekin.
8. Erakusketa: Urriaren 1etik 30era.
9. Lanak itzultzea: Urriaren 30etik aurrera.
10. Obrak erakustea, komunikazio publikoa egitea edo edozein obra kopiatzea baimenduko da. Obrak salmentan egon daitezke, baina erakusketa bukatu aurretik ezingo dira jaso. Lanen prezioen
%100 artistarentzat izango da.
11. Artista bakoitzak izango du bere lanaren ardura.
12. Proiektu honetan parte
hartzeak oinarri hauek
onartzea dakar.