Zazpigarren urtez, Etiopiako Wukro herriari laguntzeko eta elkartasuna adierazteko, elkartasun jardunaldiak antolatu ditu Hernani Wukrorekin batzordeak, irailean zehar. Batzordeko kideek atzo prentsaurrean azaldu zutenez, «jardunaldiak ez dira bakarrik dirua ateratzeko, nahiz eta garrantzitsua izan, herritarrek Wukrorekin sentsibilitatea izaten jarraitzeko ere balio dute». Dirua erabiliko da, Angel Olaran misiolari hernaniarrak Wukro-Etiopian aurrera daraman lan soziala bultzatzeko. Elkartasun jardunaldiko ekintzak, batez ere, iraileko azken asteburuan zentratuko dira, hau da, 24 eta 25ean. Larunbata, esaterako, txikienei zuzendua izango da eta jolasak izango dituzte arratsaldean zehar, Hernaniko gazteek antolatuta. Ordua eta lekua zehazteko daude. Igandean, berriz, goizeko 09:00etan meza izango da Agustindarren elizan, eta ondoren, 14:00etan, bazkaria Txantxangorri elkartean. Bazkariko prezioa, iazko bera izango da: 22 euro. Txartelak salgai daude ostegunetako ferian jarriko duten postuan, Iruretagoiena dendan eta Miguel Lujanbiok ere izango ditu.
Hilabete osoan,
materiala erosgai
Dirua biltzeko material ezberdina ere izango da erosgai: kamisetak gizonezko eta emakumezkoentzat, mantalak, motxilak... Kolore ezberdinetan izango dira, aukeran, guztiak 10 euroan. Horrez gain, batzordeko kideek azaldu zuten, bi argazkilari katalanek bertan ateratako argazkiekin argazki liburu bat argitaratu dutela eta hainbat ale salgai jarriko dituztela.
Lehortea eta gosetea
Batzordeko kideek Wukro, Etiopia eta orokorrean, Afrikako Adarreko egoera latza gogorarazi zuten. «Azken urteetako lehorterik gogorrena bizi dute, eta lehenengo munduko krisiarekin egoera oraindik gehiago okertu da. Elikagaien prezioa garestitu egin da eta horrekin batera, gosetea». Angel Olaran misiolari hernaniarraren hitzak ere erabili zituzten: «Afrika nekazaritza aldetik, indartsua da. Produktu asko ditu, baina prezioa Europak jartzen du. Injustoa, kriminala da. Ez da ez daukatela, baizik ez diegula uzten aurrera egiten, daukatenarekin».
Hainbat hernaniar Wukrora
Mertxe Jimenez, Hernani Wukrorekin batzordeko kidea, Wukron egona da Angel Olaranen proiektua laguntzen, beste hernaniar batzuk bezala, eta prentsaurrean azaldu zuenez, astelehenean joatekoa da berriz, beste hernaniar batzuekin. Aurreratu zuen, proiektu bat dutela buruan eta Olarani horren berri eman eta horri buruz hitz egitera doazela, besteak beste. Aurrerago zehaztuko dute.
Bertan bizitzen dutenaren berri eta Olaranen proiektuen berri ere emango dutela azaldu zuen. «Oraingoz, bakarrik dakit proiektu berri bat jarri duela martxan, adinduei zuzendua. Informazio gehiago dugunean jakinaraziko dugu».