Udaberri-udako kanpaina bukatzeko, Stock Azoka izango da bihar eta etzi, Hernanin, Berriak elkarteak antolatuta. Herriko 13 denda eta komertziok hartuko dute parte eta horien artean izango da Ibai mendi kirol denda. Montxi Alkortak Kronikari azaldu dionez, halako azoken helburu nagusia dendak garbitzea, hustutzea izaten da, eta ez etekin ekonomikoa ateratzea. Hori horrela, kalitatezko eta modako produktuak prezio onean erosteko aukera izaten dela azpimarratu du.
Beraiei dagokienean, azken denboraldiko produktuak jarriko dituzte salgai; hala nola: kamisetak, piratak, sudaderak, galtza motzak, sandaliak, zapatilak... Orokorrean azken denboraldiko produktuak jartzen direla salgai azaldu du, baina zenbaitzuk beste denboralditako produktuak ere jartzen dituztela eta oso merke egoten direla: «agian galtza bakero batzuk 10 eurotan dauzkazu».
Azokan, prezioak merkealdietakoak baino merkeagoak izaten dira eta Ibai mendiren kasuan, %50-60ko beherapenarekin egongo dira produktuak, orokorrean.
Denda kaleratzeko eta herria girotzeko bidea
Ibai mendik urteak daramazki azokan parte hartzen, Berriak elkarteak martxan jarri zuenetik, gutxi gorabehera. Ekimena oso positiboa dela dio Alkortak: «denda hustutzeko aukera emateaz gain, denda kalera ateratzen duzu, sozializatu egiten zara. Eta herriko denda guztiak biltzen dituen gune bat sortzen da eta herrian giroa sortzen da».
Alde horretatik gaineratu du, hasieran jendea mugitzea kosta baldin bazen ere, gaur egun zain egoten direla asko. «Jendeak kontuan hartzen du azoka eta galdetu egiten du noiz tokatzen den. Gainera, herri askotan egiten dira Stock Azokak eta ohitura bihurtzen ari da», dio.
13 postu, ostiral arratsaldez eta larunbat goizez
Stock Azokan Hernaniko 13 denda eta komertziok jarriko dute postua. Aukeran izango dira: modako jantziak, pol-tsak eta konplementuak, etxeko produktuak, umeentzako jantziak, optika...
Azoka, ostiralean 17:00etatik 20:00etara izango da, eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, larunbatean, haurrentzako bi gaztelu-puzgarri jarriko dira, azokak irauten duen bitartean.